Elkartasunez, euritan kantan

Guaixe 2019ko mai. 31a, 12:33
Ekimena bukatuta familia argazkia egin zuten parte hartzaileek. ALTSASU GURASOAK

Euritakoen artean egin behar izan zuten 'Elkartasuna kantuz, Altsasukoak Aske' ekimena, larunbatean. Lasarteko eta Zarauzko abesbatzek Altsasu Gurasoak taldearekin "deitaile bat" izan nahi zuten, kantu moduan

Arratsalde euritsua izan zen larunbata, baina ez zuen ekidin aterkien artean kantua gailentzea. Izan ere, Elkartasuna kantuz, Altsasukoak Aske ekimena egin zuten Xumela, Montetsio eta Kukuerreka kantu taldeek. Antxon Ramirez de Aldak Altsasu Gurasoak taldeko kideak esan zuenez, "ekimen batzuk guk antolatzen ditugu, beste batzuk etortzen dira". Esaterako, TV3ko Altsasu, ferides obertes dokumentala edo Altsasu: el caso Alsasua "ez zeuden gure esku". Larunbateko ekimenarekin berdin gertatu zela adierazi zuen Ramirez de Aldak.

Iortia zabalgunean egin zuten hitzordua. Eguraldiak ez zuen lagundu, arratsalde grisa eta tristea zegoen, eta bazegoen "abesten hasten garenean euria hasiko da" esaten zuenak ere. Ez zen abesten hasi ziren momentuan izan, baina ondoren bai iritsi zen aterkiak zabaltzeko unea. Kanpoko kantu taldeak iritsi zirenean izan zen. Iortia zabalgunean bi kanta abestu ondoren kantu kalejiran Zumalakarregi plazara joan ziren. Han emanaldi xumea egin ondoren, kalejiran Foru plazara joan ziren. Bertan amaitu zuten ekimena Altsasu Gurasoei detaile bat entregatuz.

Elkartasun kantu-jira "zerbait inprobisatua" izan zen eta zeremonia-maisu berezia izan zuen: Joxe Mari Agirretxe Porrotx. Umorea, beraz, ez zen falta. Agirretxe Lasarteko Xumela abesbatzaren kide da, eta Zarauzko Montesio eta Kukuerreka kantu taldeekin batera Altsasun emanaldi "inprobisatua" egon zuten larunbatean, aterkien artean. "Deitu digute Kataluniatik, Galiziatik, Errusiatik, Belgikatik, Poloniatik eta Islandiatik. Baina aurten Agurain eta Altsasu aukeratu dugu". Umorea ez zen falta ekimenean. Hortaz, Gipuzkoako bi abesbatzak Agurainen egongo zirela baliatuta "Altsasun gelditzea pentsatu genuen". Eta, horrela, "gure xumetasunetik eta kantuaren bidez espetxean dauden gazteen gurasoekin pixka bat kantatu, detaile bat eduki eta gure maitasuna adierazi".

Josu Txapartegi Txapas da Xumela eta Montesio abesbatzen zuzendaria. Irakasle "jubilatua baina ez erretiratura", Ostirala iritsi da edo Kalera kalera abestiak sortu zituen. Kalera kalera, hain zuzen, izan zen kalejiran hiru taldeek abestu zuten lehenengo abestia. Agirretxek azaldu zuenez Xumela duela 12 urte sortu zen "euskara zabaltzeagatik eta arnasguneak sortzeagatik".  45 bat lagun biltzen dira astelehenetan. "Erregional maila gara". Bidaiak egiteko zarauztarrekin biltzen dira, eta horiek "hobeto kantatzen" dutela esan zuen Agirretzek. "Gu erregional maila bagara, haien hirugarren maila". Arabara joan nahi ziren, "batzuetan ez ditugulako Euskal Herriko bazterrak ezagutzen, estereotipoak ditugu". Hortaz, Araba "Euskal Herriko lokomotora" dela esan zuen, "Nafarroa eta Iparraldearekin batera".

Erlazionatuak