San Juan kaleko aparkalekuak segituko du

Guaixe 2019ko aza. 12a, 10:07
Aparkaleku berria hartuko duen eremua.

Udalak lurjabeekin hitzarmena beste hiru urterako berrituko du.

San Juan eta Altzania kaleen arteko lurjabeen eta Altsasuko Udalaren arteko hitzarmena 2016ko azaroan sinatu zen. Horren arabera, lurjabeek etxebizitzak eraikitzen ez dituzten bitartean udalari 585 metro karratu inguruko lursaila autoendako aparkalekua gisa erabiltzen uzten diote. 2017an mustu zen 25 plazako aparkalekua. Bi aldeen arteko hitzarmena hilaren akaberan despeditzekoa zen eta udalak hura beste hiru urterako luzatzea erabaki zuen joan den asteazkenean egindako bilkuran. 

Altsasun mota horretako bigarren aparkaleku publikoa da San Juan eta Altzania kaleen artean dagoena. Aurrena, Zelandi kalean egin zuten, eskolaren eta osasun etxearen artean. 47 auto sartzen dira eta 2014tik erabilgarri dago. Hurrengo aparkalekua Erkuden eta Bakea kaleetako etxarte batean eginen du udalak. 57 ibilgailurendako aparkalekua eginen du Apezetxea Anaiak SL enpresak aurki. Zoruan asfaltoa zabaldu eta argiteria jarriko du 137.021,64 euroren truke (BEZ barne). 

Bestalde, Altsasuko Udalak Otadiko bidea asfaltatzeko proiektua idazteko aurrekontu aldaketa onartu zen joan den asteko bilkuran. Aldi berean, abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza deialdira aurkezteko, Altsasuko Udala askak jarri eta itxiturak hobetzeko eskaera prestatzen hasi da.