Basaluzeko dorrea zaharberrituta dago

Guaixe 2020ko urt. 15a, 09:59

Basaluzeko dorrea berritu berria

Kultura Departamentuak eta Altsasuko Udalak haren kudeaketa eta erabilera aztertuko dute. Departamentuak 250.527,53 euroko inbertsioa egin du.

Telegrafia optikoko dorreari ondasun inbentariatu izendapena eman zion Nafarroako Gobernuak 2017an. Altsasuko bargan dagoen Basaluzeko dorrea zaharberritzeko lanak garagarrilaren erdialdean hasi ziren eta azaro akaberan despeditu ziren. Obra proiektua eta zuzendaritza Ondare Historikoaren Zerbitzuko arkitektoa den Jose Luis Frantsez Apezetxeak egin zituen eta zaharberritzea Construcciones Leache enpresak egin du. 

Lanak despedituta, erabilera posibleak aztertzeko Altsasuko Udala Altsasuko Mendigoizaleak taldearekin elkartuko da. Gainera, udalak eta Kultura Departamentuak kudeaketa eta erabilera zehazteko hitzarmena sinatuko dute. Eraikinari buruzko argibideak ematen dituen panela(k) jartzea da aurreikusten den jardueretako bat. Dorreko teilatuan ez da seinaleen bidezko komunikazio-sistema jarriko, Madril eta Irun lotzen zuen telegrafia optikoko lineako Nafarroako hiru dorretatik zutik dagoen bakarra baita Basaluzekoa. Besteak Ziordian (Itur bedeinkatutik mendebaldera) eta Altsasun (Eguberako dermioan) zeuden, eta hondatuta daude. 

Basaluzeko dorrea 1844 eta 1846 urteen artean eraiki zuten eta 1846ko lastailaren 2an mustu. 1855ean erabiltzeari utzi zioten, telegrafo elektrikoa erabiltzen hasi baitziren. 

Lanak 
Basaluzeko dorrea oinplano karratukoa da. Hormak zutik zeuden, baina ez zituen ez barruko eta teilatuko zur horizontalaren egitura ezta leihoak ere. Gorputz nagusia 10 metro altu eta 6,40 metro zabal da, eta zokalo lau bat du, ia batere nabarmenduta ez dagoena; izkinetan, zabalera lauak ditu, eta erremate mehe bat, horma-arteak zehazten dituena. Bi solairutan banatuta dago, eta dena harri landuan.

Lau fronteetan leiho angeluzuzen zabal bat irekitzen da solairu bakoitzean, faja perimetral nabarmendua duena. Beheko solairuan ate bihurtzen da, hegoaldera begira, eta goian geratzen da. Barrualdea harlangaitzezkoa da eta karezko morterozko emokaduraren zati bat gordetzen du; leihoetako egurrezko buru batzuen hondakinak gordetzen dira eta egurrezko forjatuen metxinalak desagertuta ikusten dira.

Egindako obrek jatorrizko ezaugarrien arabera zaharberritu nahi izan dute dorrea, 2017an egindako planoek eman zituen datuak eta ezagutzen ziren historia-dokumentuak kontutan izanda.

Barruko forjatuen eta dorrearen estalki lauaren haritz-egitura aldatu egin da, barne-hormen azterketatik eta Espainian zaharberritutako telegrafia optikoko beste dorre batzuen konfigurazio arkitektonikoarekin egindako kontrastetik sortutako jatorrizko baldintzen arabera. Hasiera batean solairuak komunikatzeko eskailera zuzenak aurreikusi baziren ere, eskailera kiribil metaliko bat  jarri da, dorreak hego-ekialdeko angeluan izan zuen trazadurari egokitua. Bestetik, barruko beheko solairuan utzitako hondakinak kentzean, kontserbazio egoera onean agertu zen dorrearen jatorrizko zoladura, kareharrizko harlauza lodikoa, kontserbatu da.

Kanpoaldean, hegoaldeko fatxadako karezko morterozko estalduraren hondar batzuk gorde dira, eta harlangaitzezko gainerako horma atalak karezko morteroz estali dira. Zokaloak, markoak, inpostak, erlaitza eta erremateko petoa, guztiak bistako harlanduzkoak, konpondu eta elkartu egin dira. Haritzezko zur-lan berriak jarri dira sarrerako atean, lehen solairuko hiru leihoetan eta bigarren solairuko lauetan.  Beheko solairuko hamabi gezileihoak ez dira itxi, dorrearen barneko aireztapena errazteko. Teilatu laura dorrearen barrutik sartzen da, eta Altsasuko eta Sakanako ikuspegi bereziak ematen ditu.

Funtzionamendua
Telegrafo optikoa Frantzian asmatu zuten XVIII. mendearen amaieran. Espainian, 1844an, telegrafia optikoko sare bat bultzatu zen, eta hiru linea eraiki ziren: Gaztelako linea deritzona, 52 dorrez osatua; horien artean, Basaluzekoa, Madril eta Irun lotzen zituena; Kataluniakoa, Madrildik Port Boura, eta Andaluziakoa, Madrildik Cadizera. Bizitza laburra izan zuten, telegrafo elektrikoa ia berehala jarri zelako.

Dorreak bi baldintza betetzen dituen diseinu espezifiko bati dagozkio: gailurrean telegrafo optikoaren seinale-mekanismoa jartzea, eta gatazkaren bat izanez gero komunikazioa ez eteteko defentsa-gaitasuna. Horri gehitu behar zaio linea telegrafikoaren ondoko dorreekin lotura bisuala ahalbidetzen duen kokalekua.

Dorreak ikusizko komunikazio-sistema baten lekukotasun materiala dira, garai historiko jakin batean asmatu eta erabili zena eta iraupen laburrekoa. Erdi Aroan mugako dorreen artean ere egon ziren ikusizko komunikazio-formulak, oso oinarrizkoak seguruenik. Ikusizko komunikazio-sistemaren beste adibide bat nautikan erabiltzen diren banderena da, eta gaur egun ere erabiltzen da.

Telegrafo optikoa, bizitza laburra izan arren, komunikazioaren arloko aurrerapenaren mugarria izan zen. Bizirik iraun duten telegrafia optikoko dorreak, Basaluzekoa bezala, kultur-balioa duten lekukotasun materialak dira, historia horren mugarri bat gogorarazten baitigute.

Eraikin horiek eta estazio telegrafiko gisa duten funtzioa ez ezagutzea —telegrafia optikoaren existentzia bera eta eraiki ziren lerroak eta garaiak— ia erabatekoa da gaur egun. Basaluzekoa oso osorik iritsi den bakarretakoa da, baina ia ez da haren funtzioaz oroitzen.

ETB1
Euskal Telebistako euskarazko kanala 1982ko abenduaren 31n hasi zen emititzen. Euskarazko hedabidea Nafarroan ikusteko makina bat herritar mobilizatu ziren. Ezaguna da Aralarko santutegiko kaperau Inocencio Aierbek Iruñerriko Paz de Ziganda ikastolako gurasoei tokia utzi ziela errepikagailua santutegian jarri eta seinalea Iruñerrira bidaltzeko. 

Sakanan, Altsasun, ETB1eko seinalea hartzeko herritar ekintzaileek bargara begiratu zuten: Basaluzeko dorrean jarri nahi izan zuten Euskal Telebistako igorgailua. Baina udalaren ezetzak eta argindarra haraino eraman beharrak beste alternatiba bat bilatzera behartu zituen. Horrela sortu zen Urdiaingo ur biltegiaren ondoan igorgailua jartzeko aukera. Handik zabaldu zen ETB1eko seinalea Burunda aldean.