Udalak apustu-etxeetako lizentzien tramitazioa etengo du

Guaixe 2020ko ots. 1a, 12:48
Gizonezkoa joko-areto ondotik pasatzen. Artxiboa.

Eskaerak izanez gero horiek urte batez etengo ditu, ez da lizentziarik onartuko eta bitartean establezimendu horien inguruko araudia aldatuko du Altsasuko Plan Orokorrean moldaketa eginda.

Altsasuko Udalak apustu establezimenduetarako, joko-aretoetarako eta bingoetarako obretarako eta irekitzeko lizentzien tramitazioa etetea onartu zuen herenegun. Ludopatiaren gaineko kezkak eta araua berritu beharra daude erabakiaren atzean. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu digunez, “Nafarroako udal ugari joko aretoen inguruko araudiak onartzen ari dira eta Nafarroako Parlamentuan jokoa arautzen duen Foru Legea aldatzeko batzorde bat lanean ari da. Azkenean, errealitateak orain arte izan dugun araudia moldatzera behartzen gaitu”.  

Altsasun 2018an ireki zen orain arteko joko areto bakarra. Ollok jakinarazi digunez, “momentuz ez da beste joko areto, apustu etxe edo bingo bat irekitzeko eskaerarik egin, baina badaezpada indarrean dugun Altsasuko Plan Orokorrean aldaketak egin nahi ditugu, batez ere horien kokapena arautzeko”. Alkateak argitu digunez, “izaera murriztailea duten araudiak ez dutenez atzera eraginik, Plan Orokorra onartu bitartean halako aretoak arautuko dituen ordenantza onartuko dugu”. Horrela, Altsasuko Udalak erabaki du eskaera berrien aurrean (halakorik egotekotan), gehienez urte batean ez dela lizentziarik onartuko eta epe horretan plana aldatzeko prozedura aurrera eramango du. 

Udaltzaingoa 
Altsasuko Udala Udaltzaingoaren Antolakuntza eta Funtzionamendu Araudia lantzean ari da. Horretan udal zerbitzu horren hainbat aspektu hartuko dira kontuan, baita su-armak erabiltzeko aukera ere. Alkateak argitu digunez, “momentuz, udaltzainek ez dute su-armarik, behin betiko erabakia araudia onartzean hartuko da”. Udal oposizioan den EH Bilduk ohar bidez gaztigatu duenez, “ilbeltzaren 2an udalak udaltzainek su-armak eramateko eskaera onartu zuen”. Koalizioak aukera hori “gaitzetsi” du, “ez delako beharrezkoa, ez duelako laguntzen Udaltzaingoa hurbilekoa izan dadin eta gure herriaren bizitza sozialean integratua egon dadin; kontrakoa, herritarrek errezeloz hautematea eragingo du”. EH Bilduko kideek uste dute “udaltzainei esleitutako funtzioak betetzeko ez dela beharrezkoa su-armak erabiltzea”. Nafarroako Polizia Legean agenteen autobabeserako hainbat elementu jasotzen dituela nabarmendu du koalizioak, “hainbat motatako borrak edo autodefentsarako espraiak, esaterako, eta ez dira hilgarriak”. Ospa! Herri mugimenduak ere udaltzainak su-armak eramatearen kontra egin du. 

Erlazionatuak