Eskalada

Josema Urrestarazuk “Basapiztien eremua” 9a mailako bidea kateatu du Etxaurin

Guaixe 2020ko eka. 30a, 13:55

9 graduko bideak egiten dituen estatuko eskalatzailerik beteranoena da altsasuarra eta bere bigarren 9a mailako bidea kateatu du

Josema Urrestarazu eskalatzaile beterano altsasuarrak 9a zailtasuneko “Basapiztien eremua” bidea kateatu zuen ekainaren 23an Etxaurin, 90 metroko ibilbide zail, malkartsu eta gogorra. Altsasuarrak Adrian Legarraren babesa izan zuen, berak segurtatu zizkion sokak. Balentria galanta lortu du Urrestarazuk, bidea 51 urterekin egin baitu. Egun, estatuan 9a mailan dabilen eskalatzailerik beteranoena da altsasuarra. 

“Basapiztien eremua” Josema Urrestarazuk egin duen 9a zailtasuneko bigarren bidea da, 2014an Lezen egindako “Akelarre 9a” bidearen ondotik. Basapiztien eremua” Ekaitz Maiz eskalatzaile iruindarrak ekipatu zuen eta berak kateatu zuen lehendabiziko aldiz, 2009an. Ondoren, 2010ean Iban Larrion olaztiarrak kateatu zuen eta urte berean ere Unai Mendiak bidea egin zuen. 

Urrestarazuk bizitza osoa darama rokodromo eta pareten munduan, batetik bestera.  Eskalatzailea izateaz gain, korrikalaria, eskiatzailea eta txirrindularia ere bada. Sarritan aitortu duenez, "kirola nire bizitza da", eta horretan jarraitzen du.