Historia duten gauzak berpizten

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 28a, 12:08
Yoli Arnedo 'Birziklatzea baino gehiago' erakusketan

Yoli Arnedok arte-dekorazio tailerra du Altsasun. Bertan ikastaroak ematen ditu, eta bertan gauzak eraberritzen dituzte: birziklatzea baino gehiago. Azken bi urteetako lanen erakusketa mustu zuen irailaren 18an

Eraberritutako altzariak, aulkiak, kutxak, dekorazio piezak eta abar ikus daitezke Yoli Arnedoren arte-dekorazio tailerraren erakusketan. Iortia kultur gunean eta urriaren 2ra arte egonen da. Martxoan koronabirusak eragindako osasun krisialdiagatik egindako konfinamenduaren ondorengo lehenengo erakusketa da Arnedoren eta bere ikasleen lanena. Lehen urtean behin egiten zuten, baina bi urtetik behin egitea erabaki zutela esan du Arnedok.

Teknika asko eta desberdinak erabiltzen dituzte arte-dekorazio tailerrean. "Denboraldiaren hasieran teknika berriak aurkezten dizkiet eta erabili ohi dituzte gustatzen zaizkielako edo bereziak iruditzen zaielako". Beste ikasle batzuk "ideia batekin" joaten direla azaldu du artistak. "Batzuetan zerbait modu jakin batean birziklatu nahi dutela esaten didate, toki jakin batean jarri behar dutelako". Tailerrean gauzei, elementuei eta materialei bizi berri bat ematen diote. Erakusketan bi urte hauetan egindakoaren %20 baino ez dagoela esan du Arnedok. "Asko ekoizten dugu".

"Dagoeneko ez dakit zenbat teknika erabiltzen ditugun, hainbeste denbora aritu naizenez bueltak ematen…". Denetariko gauzak egiten dituzte: oxidazioak, superproduzioak paperekin edo plantillekin, scrap motatako paperekin gauza asko egiten dituzte, egur teknikak, aluminioa, margoa, akuarelak eta abar. "Suertatzen dena". Birziklapena, azken finean. Gehienbat altzari zaharrak eraberritzen dituzte, nahiz eta gauza berriekin ere lan egiten duten. "Ekartzen dituzten gauzak izaten dira". Kalabazak eta erlojuak apaintzen dituzte, baita larruzko eguzki-loreak egin ere. Lanei "zerbait gehiago ematen" saiatzen da.

Dekorazioa
"Txikitatik" gustatu izan zaio margotzea eta dekoratzea Arnedori. "Haurra nintzela nire aitari Donald ahate bat margotu nion. Primeran gogoratzen dut margotu nituen lehenengo gauzetariko bat izan zelako". Gainera, oso "saltseroa" dela aitortu du eta teknika berriak ikasten eta ikertzen ari da etengabe. Proiektu berriak izatea ere gustatzen zaio. "Institutua bukatu nuenean ehun diseinua ikasi nuen. Hortik nator. Gero zaharberritze ikastaroak egin nituen eta arte ederretako material denda batean lanean hasi nintzen. Hor hasi nintzen pixka bat mundu honetan".

Dekorazio ikastaroak ematen hasi zen orduan, Iruñean. "Bizitzak eramaten zaitu eta zu egoerara egiten zara". Haurrak izan zituenean "pixkanaka" Altsasura "gerturatzea" pentsatu zuen. "Esaten dute inor ez dela profeta bere lurrean, baina saiatuko nintzela pentsatu nuen". Hortaz, San Juan kalean erakuslehio bat jarri zuen arte-dekorazio ikastaroak ematen zituen karteltxo batekin, eta "harrera ona" izan zuen. "Gainera, ordutegira moldatzen ziren". Pixkanaka Iruñea utzi zuen, eta Altsasun tailerra jarri zuen. Duela 15 urte baino gehiago izan zen. Batzuetan "familia handi bat" direla aitortu du. "Ikasle batzuk hasieratik datoz. Urtero lau edo bost pertsonaren aldaketa dago. Batzuek uzten dute eta beste batzuk etorri".

Arte-dekorazio tailerra ikasle batzuendako "terapia antzeko" bat dela esan du Arnedok. "Batzuendako astean egiten duten ekintza bakarra da". Talde politak sortu direla esan du artistak, "giro oso polita dago". Hortaz, lagun taldeak ere sortu dira. "Nik uste lasaitzen direla. Gustura daudela nabaritzen da". Bere lanagatik "goraipamena" jasotzen du Arnedok, "askotan eskertzen didate eta ni oso lotsatia naiz…".

Ezin geldirik egon
Koronabirusak "gogor jo" dio Arnedori: "Martxotik tailerra itxita dut. Urriaren lehenengo astean hasiko gara, ea egoera lasai dagoen". Konfinamenduak eta egoera honek proiektu berri batean pentsatzeko denbora eman dio. "Ferietan hasi nintzaion buruari bueltak ematen". Izan ere, aitortu duenez, "oso aktiboa" da eta ezin da geldirik egon.

"Dena jostea gelditzen zaigu". Javi Traperorekin birziklapena eta arte-dekorazioa uztartuko dute altzariei eta tokiei bizi berri bat emateko. Erakusketan aurkezpen txiki bat egin nahi dute. "Etxeetan sartzea izango da; hormak pixka bat apaindu eta altzariak zaharberritu". Etxeetan dauden altzari zaharrak berpiztuko dituzte. "Ikeakoa ez den altzari bat izatea gomendatzen dut. Nahi dituzun koloreetan, pertsonala, eta aiton-amonen altzari bat bada, askoz hobe".

Zerbait "berezia" gordetzeko modu ezin hobea dela adierazi du Arnedok. "Oso polita da historia duten gauzekin lan egitea. Jendeak istorioak kontatzen dizkizu eta berezia da". Urteetan altzari eta gauza zaharrak botatzeko ohitura egon dela aipatu du Arnedok, "eta pena da. Gauza oso txunkunak daude". Gaur egungo masan saltzen diren altzariak "estetikoki ongi" egon daitezkeela, baina kalitatez ez direla oso onak azaldu du. "Altzariak zaharberritzera itzultzea gustatzen zait". Frantzian ohitura handia dutela esan du. "Gauza horien atzean maitasuna egotea".

Arte-dekorazioa "mundu" bat da eta Arnedo etengabe ikasten ari da. "Saltsero bat naizenez Laredora joaten naiz, Zaragozara, Madrilera ikastaroren bat egitera…". Gainera, produktu berriak ateratzen direnean haiekin ikertzen duela azaldu du. "Udan egiten dut hori". Sare sozialetan asko begiratzen duela ere esan du.

Azken urteetan tailerretik ateratzen diren lanen estiloak nahiko "erromantikoak eta goxoak" dira, erakusketan ikus daitekeen bezala. "Lan bakoitzak badu zerbait nirea". Duela urte batzuk kolore asko erabiltzen zutela azaldu du Arnedok, baina azkenaldian zuria eta vintage estiloak gailendu dira. "Ea pixkanaka aldatzen dugun".

Erlazionatuak

Birziklatzearen artea

Guaixe 2020 ira 22 Altsasu