Aitziber Uribe Martinez de Eulate

“Beikolarkoak ez digu bakarrik guri kalte egiten, altsasuar guztioi baizik”

Guaixe 2021ko mar. 2a, 10:53
Cesar Plaza, Emilio Rodriguez, Txaro Martinez de Eulate, Aitziber Uribe eta Isabel Borrega.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren martxoaren 15eko 127/2017 epaia betez, Altsasuko Udalak Beikolarko hirigintza Plan Berezia egin du. Planean jasotzen denez, Beikolarren dauden zazpi etxeak mantendu eta gainontzeko pabiloiak, txabolak eta lantegiak bota eginen dira. 

Familia bakarreko 29 etxebizitza egitea aurreikusten da. Bertan bizi diren edo han bordak edo lurrak dituzten altsasuarrak hasieratik erakutsi dute erabaki horrekin desadostasuna. Aitziber Uribe Martinez de Eulate Beikolarko auzolaguna da. 

Zer moduz zaudete Beikolarren? 
Egoerarekin oso kezkatuta gaude, zer gertatuko den oso ondo ez dakigulako. 

Lur jabe baten auzibideak ekarri du udalaren kontrako epaia eta auzoa urbanizatu beharra. Zergatik jo zuen hark auzitegira?
Altsasuko Udalak 2002ko Hirigintza Planean Beikolar auzoko lurrak hiri-lur kontsolidatu gisa definitu zituen. Erabilera Plan Berezi baten bidez zehaztu behar zen. Auzibide baten ondoren, 2015ean Altsasuko Udalak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabilera finkatu zuen. Lur jabe bat ez zegoen erabaki horrekin ados helegitea jarri eta 2017an arrazoia eman zioten epaileek. Egia da guk berarekin ez dugula harremanik, kanpotarra delako, Altsasun ez da bizi. 

Beikolar garai batean abeltzaintzara bideratuta zegoen, ezta? 
XX. mendeko 80ko hamarkadan azienda herritik ateratzera behartu zutenean hara bideratu zituzten. Badakigu bizilagun batek granja bat eraikitzeko baimena eskatu zuela eta Beikolarren eskaini ziotela 90eko hamarkada aurrera joanda zela. Zorionez ez zuen egin eta ez dago arazo honetan.  

Auzoko hirigintza Plan Bereziarekin kexu zaudete eta Beikolar Bizirik plataforman bildu zarete.
Etxebizitza eta edozein eraikin dugunok elkartzeko modu bat izan da. Uste dugulako betidanik batuta egon bagara, horrela mantentzea nahi dugu. Gure etxe ondoan abeltegian egotearekin ez dugu arazorik, betidanik izan direlako. 

Altsasuko udaletxera joan zineten asteartean. 
Bai aurreko astean jasotako alegazio batzuk aurkezteko joan ginen. Ez bakarrik bizilagunenak, baizik eta babestu gaituzten herriko eta kanpoko jendearenak. Zeren oso gutxi gara, 14-15 jabetza egonen dira inguru guztian. Asteazkenetik domekara bitartean jasotako 581 helegite aurkeztu ditugu. Hasiera batean ez genuen halakorik egitea espero. Baina ikusita zer martxa duen udaleko kontua, baietz erabaki genuen. Ikusarazteko gu bakarrik ez gaudela eta herriak ere babesten gaituela. Eskerrak eman nahi dizkiogu herriari bere erantzunagatik. Plataformako bizilagunak oso pozik gaude. 

Helegite horietan zein arrazoi ematen dituzte hirigintza planari kontra egiteko?
Helegite orokor bat izan da. Parte hartze proposamena egin zenean udalak bi proposamen egin zigun. Bat, eraikin guztiak botatzea, hori guk ez dugu ikusten, etxebizitza botaz gero nora joanen gara bizitzera? Bigarren aukera, etxebizitzak mantentzea eta gainontzekoa botatzea. Ez zuen ez beste aukerarik ez beste proposamenik aipatu. Uste dugu beste proposamen batzuk egon daitezkeela. 

Esaterako? 
Guri eraikin guztiak mantentzea gustatuko litzaiguke, eta jarraitzea orain arte ibili garen moduan. Egia da auzoak nahiko gabezia dituela: zati bat asfaltatu gabe dago, argiteria publikoa duela 20 bat urte iritsi zen eta bidea nahiko kaxkar dago. 

Horiek urbanizazio berri batekin konpondu litezke. Baina kooperazio sistemarekin pagatzea tokatzen zaizue. 
Guk udalari eskatu diogu jakitea zenbat ordaindu beharko genukeen bizilagun bakoitzak baita udalak ere. Zeren udalak Beikolarren lurrak ditu. Eskaera egin dugu jendeak ikus dezan erabakiak ez digula soilik guri kalte egiten, baizik eta altsasuar guztioi. Udalak aurkeztu duen ekonomia bideragarritasun planean gastu asko falta direla ikusi dugu. Horrekin ekonomia bideragarritasuna galtzeko arriskua du. 

Zein gastu falta dira? 
Beikolarren dauden hornidura sistemak (ura, argindarra eta telekomunikazioak) oso zaharrak dira, berritu beharko lirateke. Baita herritik hara eramatekoak ere. Estolderia sistema, espaloiak eta kale berria egin beharko litzateke, urbanizazio berrian kale gehiago leudekelako, gaur egun lurzorua dena. Urbanizazio gastuak zehaztea falta dela uste dugu, udalak jartzen duena baino handiagoa izanen litzatekeela uste dugu. 

Eta lurzoruan buztin espansiboa dago eta horrek eraikinak egiteko orduan prezioa igo egiten du. Buztin horrekin etxeak mugitu egiten dira eta zartadurak agertzen dira. Eta horregatik etxe berrietan zimentazio handiagoak egin beharko lirateke. Ondorioz, etxeak egitea garestiagoa izanen da. 

Zenbat balioko luke Beikolar urbanizatzeak? 
Udalak pasa digun informazioa dugu. Horretan etxebizitzak eraikitzea barne daude eta zazpi milioi euro inguruko aurrekontuaz ari gara. 

Etxebizitza berriak barne. Baina zuenak eraikita daude. 
Ez dakigu oso ondo zer ordaindu beharko genukeen bakoitzak, udalak hori azaldu ez digulako. Egia da botako lituzketen eraikuntzen jabeei kalte-ordaina emanen lieketela. Baina ez dakigu zenbateko kalte-ordaina izanen den. Zeren etxebizitza guztiak botatzea proposatu zenean, oso gutxi zen etxebizitzengatik pagatu behar zutena. 

Eta helegiteetan kostuak argitzea eskatu duzue? 
Bai, beraien kostuak desglosatzea. Eta kontuan izatean, ondo. Behin aurrera jarraituz gero horiek izan daitezela kostuak, eta ez bikoiztea. Agian, horrela ez genuke urbanizazio plan hori egin beharrik. 

Ikusten duzue ekonomia ikerketa “ahula” dela?
Ahula eta oso gutxi azalduta. Nolakoa den hobe azaltzeko eskatu dugu. Ez dakit aurkeztuko diguten ala ez. 

Lur jabeek ere helegiteak aurkeztu dituzue? 
Bai, partikularki ere gure abokatuek prestatutako helegiteak aurkeztu ditugu.

Planaren jendaurreko epea asteazkenean despeditu zen. Orain zer?
Udalak helegiteak noiz erantzunen dizkigun ez dakigu. Zeren aurrekoan helegiteak aurkeztu genituenean ez genuen erantzunik jaso. Orain itxarotea, besterik ez zaigu gelditzen. Eta oso kezkatuta, egun batetik bestera informazioa izanen dugulako. Ez dakigu hurrengoa zer izanen den: plana onartuta dagoela, berriro hausnarketa egonen den alegazioak aurkezteko edo zer gertatuko den.  

Zaudeten bezala ongi zaudetela esan duzu. Baina epaia hor dago, bete behar da. 
Bai, baina, epaileari azaldu dakioke toki hori nola dagoen, agian urbanizazioa ezin dela hor egin. Ekonomikoki atzera bota daiteke. Ere kontuan hartu beharko dugu han dagoen begetazioa. Zuhaitzak daude, hemengo haritzak. Eta proiektua eginez gero haritz guztiak botako lirateke. Ingurumen aldetik arazo handia egonen dela ikusten dugu. 

Bitartean arrazoiak pilatzen segitzen duzue? 
Bai. Eta saiatuko gara hau lehenbailehen gelditzen.