Lau urtez Marc Parramon Bori dokumentagilea eta Amets Arzallus Antia kazetaria Altsasuko Auziko inguruko dokumentala egiten aritu dira: Altsasu (Gau Hura). Ekainean DocsBarcelonan mustu ondoren, lana Altsasuko Iortia kultur gunean aurkeztuko dute. Irailaren 18an, larunbata, izanen da, eta bi emanaldi egonen dira: 17:00etan eta 19:30ean. Sarrerak kultur gunearen txarteldegian edo webgunean eros daitezke. Bi saioetan egileak eta protagonistak egonen dira, proiekzioaren ondoren "solasaldi bat egitea interesgarria" izanen delako. Arzallusen lehenengo film dokumentala da.
Zergatik egin Altsasu Auziaren inguruko dokumental bat?
Altsasuko auziak Altsasurako, Sakanarako, Euskal Herrirako eta hemendik harago ere interesa piztu zuen. Edo piztuarazi zuten. Interes asko gurutzatu ziren, eta ikuspegi periodistikotik, politikotik, baina baita humanotik ere badu zer aztertu. Nola da posible gau bateko gertakizun horien inguruan sortu den zurrunbilo izugarri hori? Ni neu, euskaldun bezala, hunkitzen ninduen gaiak, eta gero Marcen deia jaso nuen. Marc dokumentalagile katalana ezagutzen nuen, laguna nuen, eta jakin-minez zegoen nola zen posible horrelako zurrunbilo bat gertatzea. Zer bilakaera izango zuen ere ez genekien, baina esan zidan grabatzen hasi nahi zuela, eta euskaraz dakien konplize bat behar zuela, elkarrizketak egiteko gaitasuna zuena eta hurbilekoa zena. Konplizitate hori bagenuen, eta gaiarekiko neukan kezkatik abiatuta hasi ginen lanean.
Beraz, hasi zinenean Parramonek proiektua abiatuta zuen.
Buruan zeukan. Gai hori lantzeko kezka eta ilusioa zeukan. Bi hamarkada inguru daramatza dokumentalak egiten. Hark deitu zidanean, lagunduko niola esan nion. Laguntzen hasi nintzen, eta pixka bat bien artean egiten bukatu dugu. Ofizioa ikasten joan naiz, ni ez nintzen ibilia gisa honetako lanetan, ez gidoigintzan ez beste kodigo batzuetan. Ikasten ibili naiz.
"Marc jakin-minez zegoen nola zen posible horrelako zurrubilo bat gertatzea"
Duela lau urte hasi zineten. Nolakoa izan da prozesua?
Altsasura lehenengo aldiz hurbildu ginen 2018. urtearen lehenengo egunetan. Epaiketarako oraindik hilabete batzuk gelditzen ziren; ehun egun gelditzen ziren, prentsaurreko bat egin zuten Iortian. Gertakizuna izan eta gutxi gorabehera urtebetera joan ginen. Epaiketari begira zeuden familiak. Familiengana hurbildu ginen. Marcen estiloa eta bere dokumentalen estiloa dokumentalgintza behatzailea da. Hurbildu, behatu, pixka bat pertsonaien bizitzetan sartu eta paisaian desagertu ahalik eta arrasto txikiena utziz. Begiratu nola bizi duten barrutik gisa honetako prozesu bat. Orduan, familiengana hurbildu ginen eta haiengandik oso harrera ona jaso genuen hasieratik, laguntzeko prest zeuden, eta guk behatu genituen, galderak egin genizkien. Momentu hartatik epaiketara artekoa, ostekoa, kartzelaldia… Nahi baino luzeago egin den denbora hori guztia haien begien atzean sarturik bizi izan dugu, edo horretan saiatu gara. Haien bizipenen lekukotasuna dakargu. Artxibo lana egin dugu ere. Hainbeste publikatu eta idatzi da, aktore bat gehiago dela medioetan azaldu den guztia. Estetikak garrantzia handia du; Marcek sentsibilitate estetikoarekin grabatzen du. Nire aldetik, bertsoetatik, Marcek nahi zuen estilo artistiko jakin bat edo sortze puntu bat bertsoei ahotsa emanez. Dosifikatzen saiatu naiz.
"Estetikak garrantzia handia du; Marcek sentsibilitatearekin grabatzen du eta, nire aldetik, bertsoetatik"
Auziari buruz asko esan da. Baina artean bazegoen zer esan. Beste ikuspuntu bat eman diozue.
Familiek ahots bat izan dute, eta aktore politiko inportantea izan dira. Seguruenik, kasuaren bilakaeran erabakigarriak izan dira. Baina hori kenduta, horrelako kasu bat gertatzen denean, gertatzen denaz medioek, politikoek, iritzi emaileek eta mundu guztiak hitz egiten du, askotan haiek, protagonistek, izan ezik. Kasu honetan, hasieratik kartzelan egon direnek sekula ez dute ahotsik izan kartzelatik atera diren arte, ez bazen gurasoen ahotik. Eguneroko bizitzan protagonistek duten bizitza falta da, eskalarik xumeena eta humanoena hartuz. Zurrunbilo politiko horren erdian zein den haien ahotsa eta bizipena. Horren bila ibili gara. Horrek eskatzen du jarraipen luzea egitea, denbora, elkarrizketa pila bat eta, batzuetan, momentu intimo batzuetan egotea, beraien errespetua eta duintasuna orekatuz. Kazetari, erreportari edo dokumentagile bezala hurbildu nahi duzun puntua eta jakin-mina zein den jakin behar duzu. Bien arteko oreka bilatu behar da, eta istorioa beraien bizitzetatik kontatzea falta zen. Bestela, debate, liskar eta zurrunbilo hutsa izan da.
Harreman estua izan duzue familiekin. Nola banatu alde pertsonala eta profesionala?
Bakoitzak bere lanarekiko duen zorroztasuna eta konpromiso profesionalarekin lotuta dago. Gauza bat da harremana eta konplizitatea, eta elkarlaguntza izugarria, eta beste gauza bat da zuk egiten duzunean horri buruzko lana, zure obra, hartu behar duzun independentzia osoa. Independentzia hori lortzeko beharrezkoa da, distantzia puntu bat edukitzeko. Bestela, beraiek egin zezaketen dokumentala. Kasu honetan, hasieratik argi egon da gure intentzioa eta planteamendua. Independentzia osotik egin genuen, eta gure ikuspegi politikoa ez ezik, estetikoa eta artistikoa ere eman nahi genien gertakizunei. Hortaz, geure burua zorrotz hartu, eta beraiekin denbora guztian enpatizatu duzun guztia esku batean jarri, eta, beste aldetik, narratiba propioa eman. Dilema pertsona batean sartzen zara, eta saiatzen zara zorrotz eta hotz egiten gauzak. Gisa honetako dokumental batean, publiko zabalari zuzenduta dagoenez, ahots eta galderei lekua ematea inportantea da, eta ez egin arrazoiaz gaindiko dokumental bat, dena lerrokatuta. Sinesgarritasuna galtzen du. Familiekin izan duten sinesgarritasuna eta transbertsalitate izugarria, eta guretzat eredua izan da obra egitean. Oso libre utzi gaituzte; oso libre sentitu gara.
"Lehengai humano hori izan da hasieratik dokumentalaren oinarria"
Zer espero zenuten Altsasura etorri aurretik? Eta zer aurkitu zenuten?
Egia esan, ez dakit gehiegi espero genuen badirelako urte batzuk, eta hainbeste bidaia egin ditugu non zaila den gogoratzea. Baina gogoratzen naiz etorri ginen lehenengo aldian sufrimendu aurpegiak aurkitzea espero genuela. Aski beldurgarria zen orduan mahai gainean zegoena: bizitza osorako kartzela zigorrak gau bateko gertakizun batetik abiatuta. Izu aurpegiak espero genituen; ulertezina, haserre erraldoi bat. Lehengai humano hori izan da hasieratik dokumentalaren oinarria. Zailtasun horien guztien aurrean pixkanaka aurkitu dugu erresilientziarako gaitasun handi bat. Edonorekin hitz egiteko prest, horma horren gainetik edo zirrikitu batzuk eraiki eta beste diskurtso politiko bat eraikitzeko prest zegoen jendea. Norbere egoera pertsonal izugarri hori hartu, eta haserretik planteamendu politiko transbertsal batzuk eraiki. Modu irekian erantzuten zuen jarrera bat aurkitu genuen gurasoen taldean eta inguruan. Euskal Herriarentzat aro bat gainditu eta ispilu on bat aurkitu dugu. Altsasurako ez ezik, harago ere baliagarria den mugarri politiko bat izan da auzia.
Katalunian oihartzun handia izan du ere.
Kasualitateak elkartzen ditu antzeko bizipenak dituzten jende multzoak. Katalunian independentzia erreferendum horren inguruan bizi izan zutena, jasan zuten guztia, bere ondorio errepresiboekin; konplizitate emozionala bilatu dute. Egoera politiko antzekoan dauden bi jende multzo dira, orduan, naturalki elkarrekiko hariak lotzen ditu. Kataluniakoa elkartasun sare izugarria izan da. Gurasoen ondoan egonda ikusi dugu ere. Baita Kataluniatik harago ere, estatuan, Europan. Baina Kataluniakoa azpimarratzekoa da.
"Altsasuko inauteriak metafora gisa ere baliagarriak ziren"
Altsasuko inauteriek garrantzia handia dute. Hasieratik pentsatu zenuten?
Dokumental bat egitean, kazetaritza narrazio hotza, erreportaje politikoa edo ahalegin kreatiboa egin daitezke. Hari estetiko bat behar da: erritmoa, kolorea, paisaia... hartzen du pantailak. Marcek sentsibilitate hori bazuen, eta inauteriek, hor egon litekeen ikuspegi edo arrisku folklorikotik harago, estetiko oso bat eskaintzen zuten. Zurrunbilo handi bat islatzen dute. Metafora gisa ere baliaga rriak ziren, kontuz ibilita, karikatura folklorikoetan ez erortzeko. Auziaren hasieratik sortu zen, batez ere medioetan eta iritzi emaileetan, mounstroa edo piztia metaforizatzeko balio izan du, eta, aldi berean, estetika bat ematen dio. Interesgarria zen hori lantzea. Altsasuren erretratu bat egiteko ere balio izan du. Gertukoek ezagutzen dute, baina ezagutzen ez dutenendako, Altsasuren erradiografia kulturala da. Iruditeria horren barruan zerbait ematen zion. Inauteri berezia eta estetikoki oso indartsua da. Herritarrek nola bizitzen duten. Herri bat, elkartasun bat, ikusten da; herri mailako bizipen bat komunitatea sortzen duena. Esplikatzen eta hitzez jartzen errazak ez diren sentsazio eta bizipen batzuk eragiten ditu.
Proiektua bukatzeko crowdfunding-a egin zenuten, eta marka gainditu zenuten. Espero zenuten?
Dokumental bat sortzeko beharrezkoa zen finantziazioa. ETBk eta TV3ek parte xume bat izan zuten, baina bukaerara eramateko jendearen laguntza behar izan dugu. Jendeari eskatzea, egia esan, ez da erraza, baina hala egin behar izan genuen. Hasieratik izan genituen elkartasun sareak Altsasu auziaren inguruan, gurasoen inguruan. Izugarri lagundu du. Esker hitzak besterik ez dut. Jende horrek asko lagundu du dokumental hau bukaeraraino eramaten. Bagenuen itxaropena, baina ikusten genuen ez zela erraza. Egunez egun joan zen handitzen, eta, jendearen laguntzari esker, erraza ez zen hori gauzatu ahal izan zen, eta gainditu zen. Esker oneko mezua zabaldu nahi dut.
DocsBarcelona jaialdian mustu zenuten dokumentala, eta orain Altsasun.
Produktoreen lana izaten da zabalpena eta ibilbidea. Niri eskuetatik joaten zait. Nahiko lan izan nuen aurrera eramaten hartutako ofizio berria. Ez dakit dena ofizioaz. Bartzelonako dokumental jaialdia oso inportantea da, eta han aukera eman ziguten estreinatu ahal izateko. Harrera oso ona izan zen, baina ordutik tiraderan gordeta egon zen. Orain Altsasun estreinatuko dugu. Jaialdiekin eta zinema aretoekin hitz egiten ari dira. Espero dut azkar izatea. Jende guztiarekiko zor moduan sentitzen dut.