Javier Ollo Martinez alkateak eta Carmen Maeztu Villafranca gizarte eskubideetako kontseilariak lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo. Haren bidez Marino Ayerra etxegabeen aterpearen aurtengo jarduera finantzatuko da. Udaletxean sinatu ondoren, alkateak eta udaleko Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako Batzordeko presidente Jokin Zelaiak aterpea erakutsi zieten kontseilariari eta Gizarte Babeseko eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusi Andres Carbonerori.
Aurten dagoeneko 133 pertsona pasa dira aterpetik. Kopuru hori pandemiaren aurreko urteetakoa baino nabarmen txikiagoa da. Gogoratu behar da 2020an aterpetxea itxita egon zela martxoaren erdialdetik, eta, ondoren, bertara joaten ziren edo edukiera osoa zuten beste aterpetxe batzuetatik edo babes zibiletik edo polizia-kidegoetatik eramandako pertsonen konfinamendua zaintzera igaro zela. Egoera horretan, 2020an 167 pertsona desberdin hartu zituen. Erabiltzaileei dagokienez, gehienak gizonak dira (%96,6), eta emakumeak, berriz, %3,4 dira.