Gertuago dago Altzania garbiagoa

Guaixe 2021ko abe. 30a, 10:40

Langileak ssaneamendu lanetan lanean.

Ibarrea industrialdean saneamendu sarea egiteko lanen hirugarren eta azken fasea egiten ari dira. Lanek 154.482,20 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute. Saneamendu sarea egiteak 741.893,84 euroko inbertsioa eskatu dio Altsasuko Udalari.

Lacunza Hermanos SM enpresako langileak azaro akaberatik ari dira Ibarrean industrialdean lanean. Ibarrea industrialdeko enpresetako eta etxebizitzetako hondakin urak biltzeko saneamendu sarearen hirugarren eta azken fasea egiten ari dira. Lanak otsailaren 25erako despeditu behar dituzte. Eta haiek bukatuta industrialdeak ur beltzak zuzenean Altzania ibaira isurtzeari utziko dio. Horrela, ubeldearen uraren kalitatea hobetu, haren zaintza handitu eta ur beltzak arazteko ezarritako legedia beteko da. Izan ere, Ibarrea industrialdearen isuriagatik Altsasuko Udalak Ebroko Ur Konfederakundeari urtero 1.345,2 euroko isuna pagatzen dio. Ingurumena zaindu eta isuna kentzeko ari dira lanak egiten. 

Martxan diren lanek 154.482,20 euroko (BEZ kanpo) kostua dute. Haiek egiteko Altsasuko Udalak 88.461,99 euroko dirulaguntza jaso du. Aurretik egindako bi faseak lotzean datza hirugarren fasea. Horretarako, 130 metroko luzeran hodiak jarri behar dira. Horietako 53 metro trenbide azpian eginen dira. Lehenik 1,2 metroko altzairuzko hodia eta haren barruan PVC-zko 31,5 cm-ko diametroa duen hodia sartuko dute.

2019ean Ibarreako lantegietako eta etxebizitzetako ur zikinak industrialdean jarri zen sare nagusiarekin lotu ziren. 2020an, berriz, Ibarmusuko ur beltzak jasotzeko eta haiek Geltoki auzoko hodi nagusira eramateko lanak egin ziren. Lanek egiteko, guztira, 741.893,84 euroko inbertsioa egin du Altsasuko Udalak Ibarrean saneamendu sarea jartzeko.  

Aurrekontua

  • Lehen fasea
    Obra: 242.837,02 euro (BEZ barne) (Apezetxea Anaiak, SM).
    Proiektua: 14.900 euro (BEZ kanpo).
    Obra zuzendaritza: 9.724 euro (BEZ kanpo).

  • Bigarren fasea
    Obra: 214.826,42 euro (BEZ kanpo) (Lacunza Hermanos, SM).
    Obra zuzendaritza: 9.226,86 euro (BEZ kanpo).

  • Hirugarren fasea
    Obra: 154.482,20 euro (BEZ kanpo) (Lacunza Hermanos, SM).
    Proiektua eta obra zuzendaritza: 11.233,86 euro (BEZ barne).