Udalak estalpearen eraikuntza emateko deialdia egin du

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 11:47
Estalpea frontoiaren eta kultur gunearen artean kokatuko da. ARTXIBOA

Interesa duten enpresek agorrilaren 10eko 23:59ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko.

Burunda frontoiaren eta Iortia kultur gunearen arteko zabalgunean Altsasuko Udalak estalpea jartzeko proiektua du, Francesca Fiorelli arkitektoaren Hiriko zuhaitza hain zuzen ere. Hura eraikitzeko lanak emateko deialdia egin du orain, eta kalitate-prezio eskaintza onena egiten duen enpresari emanen dio kontratua. Udalak estalpea eraikitzera 473.769,24 euro (BEZ kanpo) bideratuko ditu. Aurrekontu horretatik Nafarroako Gobernuak 300.000 euro ordainduko ditu eta udalak gainontzekoa. Enpresa hartzaileak lanak egiteko 105 egun izanen ditu, hau da, hiru hilabete eta erdi.