Altsasu Mank-en aurrekontuei buruzko epaiari helegitea jartzea aztertzen ari da

Guaixe 2022ko urr. 10a, 08:45

Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Altsasuko Udalarendako errekurtsoa epez kanpo aurkeztu zuela "interpretagarria" da. Epaileak mamia ez dutela aztertu nabarmendu du eta helegitea jartzeko arrazoia gogorarazi du: "aurrekontuaren legezkotasuna zalantza".

Altsasuko Udalak Sakanako Mankomunitatearen aurtengo aurrekontuari helegitea jarri zion, besteak beste, uste duelako egin beharreko ekarpenak ez direla egokitzen ibarreko erakundearen estatutuetan aurreikusitakoarekin. Gainera, aurten ordaindu beharreko kuotaren igoera "behar bezala justifikatuta ez" dagoela uste du. 

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 3. Atalak atzera bota du Altsasuko Udalaren gora jotzeko errekurtsoa, haren iritziz epez kanpo aurkeztu zelako. Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek lehenik nabarmendu duenez, "ebazpenean auzitegiak oso interpretagarria den epe kontu bat aipatzen du helegitea ez onartzeko. Izan ere, aurrekontua onartzeko unean epea zenbatzen hastea ezartzen du, baina errekurtsoa Altsasuko Udalak aurkeztu du, ez Mank-eko batzarreko kide batek. Horregatik errekurtso hori Mank-en aurrekontuaren behin betiko onarpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero hasten den epe barruan aurkeztu zen".

Ollok esan duenez, "epaileen ebazpenak ez du Altsasuko Udalak mahaian jarritako gaiaren mamia aztertzen. Hau da, ez dira ez balioesten ezta ezesten ere aurkeztutako gora jotzeko helegitean azaldutako arrazoiak". Altsasuko alkatearen iritziz, "aukera ona zen hirugarren batek, kasu honetan Nafarroako Administrazio Auzitegiak, udalak bere errekurtsoan aurkeztutako alegazioak baloratzeko. Alegazio horiek Mank-en 2022ko aurrekontuaren legezkotasuna zalantzan jartzen dutelako". Ollok azaldu duenez, "Altsasuko Udala bere zerbitzu juridikoekin aztertzen ari da Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea". Aldi berean, jakinarazi duenez "udalak Mank-ekin dituen ordainketak beti bezala beteko ditu, arreta jarriz Mank-en programa bakoitzarendako ordaindutako zenbatekoak justifikatuta egoteaz, bai eta zertan erabili diren azalduta egoteaz".