Altsasuko Udalak Burunda frontoiaren eta Iortia kultur gunearen arteko zabalgunean estalpea eraiki nahi du. Francesca Fiorelli arkitektoaren Hiriko zuhaitza proiektua da gauzatuko dena. Eraikuntza lanak emateko deialdia garilean egin zuen udalak, baina Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, aurreko ″esleipen prozedura hutsik geratu zen, eta, beraz, beste esleipen prozedura bat martxan jarri du″. Deialdi berriak proiektuan aldaketak dakartzala jakinarazi du Ollok, eta bi nabarmendu ditu: ″egitura altzairuzkoa izan beharrean egur laminatuzkoa izanen da, sabaiko argizuloen kopurua murriztu eginen da eta haietan beira beharrean polikarbonatozko plakak jarriko dira argia pasatzen uzteko″. Estalpean aldaketak egiteko erabakian ″azken hilabeteetan pairatzen ari garen inflazioak eragin zuzena″ izan duela gaztigatu du alkateak.
Horregatik, udalak, lanak emateko deialdi berria egin du. Eraikitzeko lanak kalitate prezio eskaintza onena egiten duen enpresari emanen dizkio. Aurreneko deialdian bezala, oraingoan ere 473.769,24 eurotan (BEZ kanpo) eman nahi ditu lanak udalak. Aurrekontu horretatik Nafarroako Gobernuak 300.000 euro ordainduko ditu eta udalak gainontzekoa. Foru administrazioaren dirulaguntza jasotzeko hitzarmenaren baldintzetako bat zen lanak abenduaren 12rako despedituta egon behar zirela. Udalaren eta gobernuaren arteko hitzarmena berritu da eta, horren arabera, lanak 2022an hasi eta 2023ko garilaren 1erako despedituta egon beharko dute. ″Hori posible izan da Nafarroako Parlamentuak joan den irailean onartu zuen Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aldaketa baten ondorioz″, azaldu du Ollok. Lanak hartzen dituen enpresak estalpea egiteko 105 egun izanen ditu, hau da, hiru hilabete eta erdi.