Burunda frontoiaren eta Iortia kultur gunearen arteko zabalgunean estalpea eraikitzen hasi dira Construcciones Lacunza SM enpresako langileak. Lanak egiteko hiru hilabete izanen dituzte. Udalak horien truke 473.195,1 euro (BEZ kanpo) ordainduko ditu. Hura finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren 300.000 euroko dirulaguntza du.
Jasoko den estalpea hiru aukeren artean altsasuarrek aukeratu zuten Hiriko zuhaitza izeneko proiektua da. Lanak emateko lehen deialdia hutsik gelditu ondoren Francesca Fiorelli arkitektoak proiektuan zenbait aldaketa egin zituen: altzairuzko egitura izan beharrean egur laminatukoa izanen du. Gainera, sabaiko argizuloak murriztu eta haietan kristala jarri beharrean polikarbonatozko plakak jarriko dira.
Bestalde, lanak egiten ari den enpresa bereko langileak Amandrea plazako zorua eta haren pean dagoen lurpeko aparkalekuko hezetasunak kentzeko lanak egiten ari dira. Eta, berriki, Ondarria industrialdean zenbait hobekuntza lan egin dituzte.