Iortia kultur gunearen eta Burunda frontoiaren artean estalpea eraikitzeko lanak egiten ari da Altsasuko Udala. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “zimenduak jartzeko lanak bukatu ondoren, egitura muntatzeko lanak eginen dira datozen asteetan. Horren ondorioz, ezohiko neurriak hartuko dira, ibilgailuen eta pertsonen ohiko joan-etorriari eragingo diotenak”. Alkateak jakinarazi duenez, martxoaren 17, 24 eta 27an ekarriko dituzte estalpearen egitura osatzen duten egur laminatuzko pieza fabrikatuak. Ollok azaldu duenez, “garraio lan horiek egiteko ibilgailu oso handiak erabiliko dira, 20 edo 25 metroko luzerako kamioiak”. Garraiolariak mendebaldeko sarreratik sartuko dira Altsasura, eta Aita Barandiaran adinekoen egoitzaren paretik pasa ondoren, Erkuden kalea hartu eta zuzen joko dute kultur gunerantz.
Kamioak herrian barna ibiliko dira kultur gune parera joateko, eta joan-etorriek eragina izanen dute Altsasuko hainbat tokitan. Batetik, Idertzagain eta Erkuden kaleen bidegurutzearen hurbilen dauden aparkalekuetan aparkatzea debekatuta egonen da. Udaltzaingoak behar bezala seinaleztatuko du non ezin den aparkatu. Bestetik, Erkuden kalean, Gipuzkoa eta Amaia kaleen arteko zatian, autoak aparkatzeko modua aldatu beharko da hiru egun horietan kamioiak pasa ahal izateko. Hala, baterian aparkatu beharrean, linean aparkatu beharko da hiru egun horietan. Kasu horretan ere Udaltzaingoak seinaleak jarriko ditu arriskuak ekiditu eta trabarik ez sortzeko. Azkenik, alkateak jakinarazi duenez, “garraio lanek Erkuden eta Bakea kaleetan ibilgailuen zirkulazioan eragina izanen dute. Zehazki, Bakea kalean Gartzia Ximenez eta Burunda frontoiaren arteko zatian”. Horren ondorioz, gidariek Udaltzaingoaren jarraibideak bete beharko dituzte.