Hilabete eta erdi Avilan pasa du Javier San Felipe Larreak. Bertan Disney+ plataformarako proiektu batean lan egiten egon da, eta aste honetan Toledora joanen dira proiektuarekin jarraitzeko. Aurretik, besteak beste, Vampire Academy, Balenciaga, Las Pelotaris, La Ermita produkzioetan parte hartu du argi teknikari edo, zineman deitzen zaien bezala, "elektrikari" bezala. Baluarten argi teknikaria zen, eta eszendentzia hartu behar zuen unean ikus-entzunezkoen munduan lan egiteko aukera sortu zitzaion.
Iruñeko antzoki eta aretoetan argi teknikaria zen San Felipe eta aurretik ere zinemaren munduarekin harremana izan zuen ere; 2016. urtean Goya saria irabazi zuen Hijos de la tierra film dokumentalean lan egin zuen. "2003tik Baluarten, Gayarren eta Iruñeko eszenatokietan nengoen eta monotoniagatik edo aldatzeko gogoa nuen". Duela pare bat urte eszedentzia hartzea erabaki zuen, eta museo batean lanean hasi behar zen. "Baina Baluarten opera egin izan duen lagun batek Vampire Academy telesailari buruz hitz egin zidan, eta hilabete bat telesailean lan egitea erabaki nuen". Ez zitzaion egokitzea "ezer" kostatu. "Egiten zen lana ezagutzen nuen". Azaldu duenez, telesailaren argiztapena ikuskizunaren munduarekin bat egiten zuen eszenek argiztapen "konplexuagoak" behar zituztelako, eta esperientziak eraman zuen bertan lan egitera.
Hilabete bat izan behar zena zazpi hilabete bihurtu ziren, 2022ko maiatzera arte. "Bukatzean Argilun enpresak kontaktatu ninduen". Enpresa honek Nafarroan, Gipuzkoan, Bizkaian eta inguruetan egiten diren ekoizpenetan lan egiten du. Iratxeko Monastegian grabatu duten El Internado telesailean lan egiteko deitu zuten San Felipe. "Bi hilabete egon nintzen, maiatza eta ekaina. Horrek ateak ireki zizkidan. Nire lana eta ahalmena erakusten eta kontaktuak egiten hasi nintzen".
Arte eszenikoetan argi teknikariak dira, baina zinemaren munduan "elektrikariak" deitzen direla azaldu du altsasuarrak. "Baluarten dudan argiztapen mahaiak erabiltzen dudan esperientziagatik deitu ninduten, elektrikari bezala ez nuen esperientziarik, baina lana egiten ikasten joan naiz eta orain denetarik egiten dut". Teknologiaren garapena dela eta, produkzioetako lana asko aldatu dela azaldu du: "Lehen beste material batzuekin lan egiten zen, kable pila bat erabili behar zen. Gaur egun LED tekonologiarekin aldatu da eta bi abantaila ditu: kable gutxiago eta, ni sartzen naizen tokia, tresnak modu remotoan mugitzen edo erabiltzen direla. Ni argazkilaritza zuzendariarekin egoten naiz tablet antzeko batekin eta horrekin argien intentsitatea eta abar kontrolatzen eta erregulatzen ditut".
Antzokietan edo aretoetan lan "osoago" bat egiten dutela esan du San Felipek, "diseinua, muntaia eta operazioa gure esku dago, baina zineman argazkilaritza zuzendaria buru da eta beraiek erabakitzen dute dena. Argiztapenaren eskema egina dago eta guk prestatzen dugu".
Lana
Nolakoa da argi teknikari baten egun bat? "Iristen garenean aurretik zuzendaritzak planifikazioa egin du zer grabatu behar den eta non. Planoak aurreikusten dituzte eta horren arabera argiztapena jarriko da". Materialak, fokoak eta abar jartzen dituzte. "Zinemaren magia da trikimailua ez ikustea, ez nabaritzea. Pentsatzea guztia erreala dela".
Javier San Felipek Vampire Academy, El Internado eta Balenciaga bezalako telesailetan lan egin du
Produkzio bakoitza mundu bat dela dio San Felipek. "Asko bidaiatzen da". El Internado telesailean lan egin ondoren, Balenciaga telesailarekin Parisen egon zen, ondoren Las Pelotaris seriearekin Mexikon, Madrilen, Donostian, Biarritzen eta abar grabatu zuten, La Ermita filmean parte hartu du ere, Nafarroan grabatu dena, eta Valentziako lagun batekin Tarragonan eta Castellonen gizon otso baten inguruko pelikula bat grabatzen egon da. Azken asteetan Madrilen, Avilan eta Toledon lan egiten ari da. "Avilan harresien ondoan gaude, ikusgarria da. Beste bizimodu bat da. Badira tokiak beste modu batera inoiz ezagutuko ez genituzkenak". Motibagarria dela esan du.
Lan "gogorra" dela aitortu du ere. "Hamabi orduko lanaldiak izan ohi dira, lekualdaketekin. Grabazio tokira joateko ordu bateko bidaia egon daiteke". Alde horretatik "oso gogorra" dela esan du, "egon daitezke egunak eramangarriagoak direnak", baina fisikoki ere gogorra dela esan du. "Ez dakit edozein pertsonak egin dezakeen". Sakrifizio pixka bat eskatzen duen lana da. Bestetik, gehienbat kalean egiten da eta Vampire Academy-ren kasuan gauez grabatzen zuten eta negua zenez hotza pasa zuten ere.
"Beste bizi kostu bat dauka ere eta da sei hilabete-edo etxetik kanpo zaudela. Nik ez dut bikotekiderik ezta seme-alabarik eta alde horretatik egin dezaket ere. Ikuspuntuaren araberakoa da. Agian, seme-alabak dituen beste pertsona batek ezingo luke egin edo baloratu beharko luke behintzat.". Irailean eszendentzia luzatu edo ez erabaki behar du, eta momentuz ez du argi zer egingo duen.
Zinemaren munduan lan "interesgarria eta motibagarria" da, eta aldi berean "gogorra"
Antzokian egiten zuen lanarekin alderatuta, aldiz, hobera egin du: "Bertan ez duzu plangintzarik, ohitzen zara, baina ezin duzu lagunekin planik egin, jendea deskantsatzen dagoenean zu lanean zaudelako". Orain asteburuak libre ditu eta hurrengo hilabeteak antolatuta, "beste dimentsio batean nago". Egunotan etxetik urruti grabatzen dagoelako, bestela asteburuan herrira itzuliko litzateke. "Orain ama lehen baino askoz gehiago ikusten ari naiz". Deskantsatzeko baliatzen ditu asteburuak. "Motibatuta egon behar gara, eta motibatzen hasi naiz berriz. Lan egiteko modu bat da, jende berria, proiektu interesagarriak... eta ekonomikoki ere hobea da".
Nafarroan zinemaren munduan lan egiten duten langileen elkartea sortu dute. "Azkenean, geroz eta jende gehiago dago honetan lan egiten eta oso ongi dago elkartzea". Besteak beste, Altsasun Aritz Leoz, Sara Mazkiaran eta Izaskun Artigas (Vampire Academy-n topo egin zuten) daude. "Ezagutzen joan gara eta orain elkartearekin ikusiko da badagoela lana".