Udalak lan istripuak “behin betiko” bukatzeko neurriak eskatu ditu

Guaixe 2024ko ots. 19a, 10:16
Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Porlandegian hildakoaren senide, lagun, lankide eta gertukoei elkartasuna eta atsekabea adierazi dizkie.

Altsasuar baten heriotza eragin zuen porlandegiko lan istripuaren ondorioz, Altsasuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpena onartu zuen otsailaren 16an. Udalak "lan istripuak behin betiko bukatzeko hartu behar diren neurriak har daitezen aldarrikatu eta nondik norakoak argitu ditzan" eskatu dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari. Udalak, bestalde, honakoa azpimarratu zuen:"azken hilabeteetan hiru altsasuar hil dira lan istripuen ondorioz". 

Altsasuko Udalak adierazi duenez, "ezinbestekoa da laneko segurtasuna bermatu eta lan istripuak behin behiko bukatzea". Hori lortzeko, "behar-beharrezkoa da laneko osasun eta segurtasun arloan aurrerapauso nabarmenak ematea". Horretarako, "Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko araudia zehatz-mehatz eta irmoki betetzeko" eskatu du udalak. Langile guztiak izan ditu gogoan, baina, bereziki egoera zaurgarrian daudenak. Udalak dei egin die administrazioei, sindikatuei eta patronalari "batera lan egiteko, lan arriskuen prebentzioaren aldeko praktika onen jarrera izan eta bultza dezaten".