Klinikako eguneko zentroa beteta eta ospitaleko lanak hasita

Guaixe 2024ko mar. 27a, 09:00
Klinikako ospitalean handitzeko zimenduak jartzeko lanak aurreratuta daude.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko eguneko zentroko bost plaza berriak bete dira dagoeneko. Bestetik, ospitale gune berria egiteko lanak hasi dira. Aurreikusi baino bi gela gehiago eginen dira, guztira 33 izanen ditu.

Lanak azaroaren 24an mustu eta Nafarroako Gobernuaren oniritzia otsailean jaso ondoren, Josefina Arregi klinika psikogeriatriokoko eguneko zentroak 25 plaza izatetik 30 izatera pasatzeko prozesua hasi zuen. "Gurea pertsonan zentratutako arreta denez, ez dugu itxaron zerrendatik tira egiten eta etortzeko esan. Familiekin bilerak egiten ditugu pertsonaren inguruan gehiago jakiteko, prozesua lantzen dugu eta egokitze fase bat dago. Bost plaza horiek betetzeko prozesuak hilabete eta erdi iraun du eta azken plaza joan den astean bete zen", azaldu du klinikako zuzendari gerente Angel Gardachal Ausejok. 

Ospitalea
Duela hilabete hasi ziren Etxeberrikoa Lantegi enpresa sakandarreko langileak ospitalea handitzeko lanak egiten, eta urte akaberarako despeditu nahi dituzte. Ospitalea klinikaren hegoaldean dago. Haren ekialdeko zatiaren parean beilatoki bat dago. Lanekin ospitaletik beilatokiaren ekialdean dagoen aparkalekurainoko 618,20 metro karratuko eraikin berria jasoko da. Paziente "oso sentikorrak" daudenez ospitalean, klinikako, eraikuntza enpresako eta obra zuzendaritzako ordezkariek lantaldea osatuta dute lanek gaixoengan ahalik eta eragin txikiena izateko. "Beti haien ongizatea dago erdigunean. Obrak iraun bitartean arreta ematen segituko dugu eta ez dugu gelarik hutsik utziko. Zoritxarrez itxaron zerrenda dagoelako, eta itxiz gero zerrenda handiagoa litzatekeelako", jakinarazi du Gardachalek. 

Ospitalearen eta beilatokiaren artean patio bat geldituko da, 288 metro karratu izanen ditu eta lau aldeetan estalpea izanen du (270 bat metro karratu). Gardachalek azaldu duenez, "orain dugun terapia jardueretarako patioa zolatuta dago, baina sortuko den patioan lurra utziko dugu. Patio berdea izanen da, natura, lore eta baratze zaintza terapiak egiteko aukera emanen diguna". 

Bestalde, eraikin berriaren iparraldeko aldean, "langileendako aldagela egokiak eginen ditugu. Baita haiendako jangela eta atseden gune bat ere, horretarako espazio egokirik ez baitzegoen. Izan ere, gaur egun obra modulu batek hartzen du langileen aldagela. Hori pandemiaz geroztik da, zeren aurretik ez genuen halakorik", argitu du zuzendari gerenteak. 

Ospitalea handitzeaz aparte, proiektuan jasotzen da lehendik dagoen aerotermia-instalazioa 100 kW-etan handitzea psikogeriatria zentro osoan. Era berean, klinikak instalazio fotovoltaikoa handitzeko asmoa du, energia sortzeko gaitasuna 40 kWp-tik 100 kWp-ra handituz, jasangarritasunarekin eta independentzia energetikoarekin duen konpromisoaren ildotik.

Aurreikusi baino gehiago
Hasiera batean klinikak jakinarazi zuen hamar gela berri eraikiko zirela. Baina, azkenean, dozena bat izanen dira, eta ospitaleak, guztira, 33 gela izanen ditu. "Bi gela gehiago eginen ditugu jabetu garelako gabezia bat dagoela: dementzia duten eta oso-oso larri edo akutuak direnen kasuak. Pertsona horiek ihes egin dezakete. Oldarkor jarri bere buruarekin edo besteekin. Halakoetan larrialdietara edo Foruzaingora hots egiten da", azaldu du Gardachalen. Klinikan egoera horiek sortzen duten sufrimendua ezagutzen dute eta sor daitezkeen arriskuak saihesteko, kasu horiendako propio bi gela eginen dituzte. "Oso larria den kasuren bat badago, larrialdi moduko bat, hartzeko aukera izanen dugu, larrialdietarako ohe bat edo bi izanen ditugulako beti libre. Horietan sartuko liratekeen pertsonak Osasunbidearekin kontzertatutako geletara pasatzeko lehentasunezko sarbidea izanen lukete", argitu du zuzendari gerenteak. 

Osasunbideak eta klinikak ospitaleko gelak hitzartuta dituzte. Azken bi horiek ez daude barruan, baina klinikak akordioan sartzea eskatuko du. Bestalde, Gardachalek jakinarazi duenez, "Osasun Departamentuarekin hitzarmen berezia sinatzeko negoziaziotan segitzen dugu, eta aurten ixteko esperantza dugu. Departamentuak borondatea du, baina tramitea luzea eta mantsoa da. Parlamentutik ere pasa behar da". 

Lanpostu berriak
Ospitalea handitzearekin batera 25-30 lanpostu berri sortzea espero da, eta horrek zentro psikogeriatrikoaren plantilla osoa 85-90 pertsonara igoko du. Enplegu horiek ia guztiak osasun sektorean izanen dira, eta emakumeak %90era iritsiko dira. Langile berri guztiek prestakuntza jasoko dute. Zuzendari gerenteak azaldu duenez, "gurea oso espezializatutako klinika da, kalitatezko zerbitzua eskaintzen dugu. Berdin da mediku, erizain edo okupazio terapia titulua izan, langile berriek gure espezialitatean trebatu beharko dira. Gure ikuspegia eta metodologia ezagutu beharko dituzte. Lanbidearen arabera hiru edo sei hilabete egon beharko dute lanean gurean". 

Bai langileen prestakuntza hilabete horiek baita lanek beraiek bi milioi euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak 2023ko apirilean hartutako konpromiso publikoari esker lortu da lanak egitea. Finantza babesa, berriz, erakundeen konbinazio batetik dator. Batetik, Sodenak eta Elkargik %50eko abal-emaileak dira. Caixa Bankek eta Laboral Kutxak, berriz, gainerako %50eko ekarpena egin dute.