Olatz Garde Mazkiaran

“Gure kontsumoak gauza guztietan eragina dauka”

Guaixe 2024ko mai. 2a, 13:30

Olatz Garde Mazkiaran, hondakin teknikaria.

Hondakin Zerbitzuaren Utzubar EKOguneak 25 urte bete ditu apirilaren 26an. Funtsezkoa den azpiegitura hori bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du GUAIXEk Olatz Garde Mazkiaran Sakanako Mankomunitateko Hondakin teknikariaren eskutik

Berez udalek dute hondakinak bildu eta tratatzeko eskumena, derrigorrez eskaini behar duten zerbitzua da. Baina ibarreko udalek Sakanako Mankomunitatearen esku utzi dute egiteko hori. Mank-ek erabaki zuen bilketa bere gain hartzea eta hondakinen tratamendua Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren esku uztea. Partzuergo horretan Nafarroako mankomunitate guztiak daude, Iruñekoa izan ezik. 

Hondakinen kudeaketan ezinbesteko elementua da Utzubar EKOgunea. 25. urteurreneko ospakizunik izanen den jakiterik ez badago ere, gonbidapena egina dago: "edozein etor daiteke. Zer dagoen ikusi nahi badu, azalduko diogu". 

Zer da Utzubar EKOgunea?
Gauza asko da, eta dena hondakinekin erlazionatuta. Hondakin Zerbitzua nahiko hazi da azken urteetan, zerbitzu asko gehitu zaizkio. Zati bat Lakuntzan zegoen, beste bat Arbizun. Ikusi zen askoz hobe izanen zela dena toki berean izatea. Eta dena hemen batzearen ondorioz zerbitzua asko hobetu dela uste dut. Eta gure arteko elkarlana askoz ere errazagoa da. 

Zergatik EKOgune kontzeptua? 
Sakanan hondakinen kudeaketa geroz eta hobe egiten ari gara, bai herritarrak, bai komertzioak, bai enpresak, denok. Eta horregatik Utzubar EKOgunea Arbizuko zabortegia baino askoz ere kontzeptu hobea iruditu zitzaigun. Zeren jendeak beti Arbizuko zabortegiaz hitz egiten du, baina planta honetan guztian, gero eta zati txikiagoa du zabortegiak. Geroz eta gehiago birziklatzen eta berrerabiltzen da. Zabortegian urtetik urtera geroz eta hondakin gutxiago ari gara sartzen, eta geroz eta selekzio handiagoa egiten dugu. Gure nahia baita zabortegietara ahalik eta gutxien eramatea. Hori hemen, industria hondakin ez arriskutsuak sartzen ditugula. Hiri hondakinen kasuan Tuterako zabortegira eramaten ditugu hondakinak. Hara ere geroz eta gutxiago dira eramaten ditugun hondakinak. 

Zenbat pertsonek lan egiten dute bertan? 
Askok, eta guk gehiago nahi genituzke. Kudeaketa lanean bi hezitzaile, teknikaria, zerbitzu arduraduna, konpost plantako arduraduna, edukiontziak eramaten, ekartzen, konpontzen edo paper prentsan langile bat edo bi aritzen dira. Plantan sei bat pertsona egoten gara. Bilketan hogeita hamar bat langile daude, denek ez dute aldi berean lan egiten. 

Zein ordutegi duzue? 
Plantan 07:00etatik 15:00etara gaude. Baina herritarrei harrera 09:00etatik aurrera egiten diegu, nahiz eta lehenago etortzen badira ere hartzen ditugun. Bilketako langileek orokorrean goizez lan egiten dute. Gehienak 06:00etan hasten dira. Pandemia garaian ibilbideak pixka bat aldatu ziren eta denak aldi berean hasi beharrean lanerako sarrera orduak pixka bat mailakatu ziren. Horregatik beste batzuk 07:00etan hasten dira lanean. Lanaldiaren hasierako ordutegiaren arabera 13:00 edo 13:30eraino lan egiten dute. Baina kontuan izan behar da larunbatetan ere lan egiten dutela. 

Garbigune mugikorreko eta Altsasuko garbigunekoak barne? 
Altsasun, orokorrean, bilketa zerbitzuko langile bat egoten da. Batzuetan hezitzaileren bat egon da. Utzubar EKOguneko garbigunean hezitzaileek egiten dute harrera. 

EKOguneko espazioak

Zer da lixibiatuen baltsa?
Hondakinek, orokorrean, beraiek daukaten hezetasunagatik edo, esaterako, euriarekin busti egiten direlako, likidoa sortzen dute. Horri lixibiatu esaten zaio. Likido hori ezin da edozein modura bota, tratamendua behar du bai ala bai. Esaterako, hondakindegi azpian drainatze moduko bat dago. Jasotako likidoa punpatze etxolara doa eta handik baltsara. Hondakindegia baltsa baino beherago dagoelako behar ditugu punpak. Baltsan likidoa dekantatu egiten da eta hori eginda, punpa bidez, likidoa Lakuntzako araztegira bideratzen dugu. 

Hondakindegiak zertarako balio du?
Azkeneko baliabidea da, hori da bere funtzioa. Hondakinen kudeaketan onena hondakinik ez sortzea da. Baina behin sortuta ahalik eta gehien birziklatu behar da. Batzuetan gertatu izaten da zerbait birziklatu daitekeela, baina ez dela bideragarria, irtenbiderik ez dagoelako. Esate baterako, artilearen irtenbideak arazo asko sortzen ditu. Artilea oso isolatzaile ona da, badauzka hainbat aplikazio. Baina eraikitzerakoan artilerik ez badugu erabiltzen, hondakinak, artileak, ez du irtenbiderik eta, halakorik ez badu, ezin da birziklatu. Hau aipatzen dut, gu ere, herritar gisa, konturatu behar garelako gure kontsumoak ere badaukala eragina gauza guztietan. Gure txikian gauzak egin ditzakegu. 

Zer botatzen duzue hondakindegira?
Gaur egun gehien iristen zaizkigun hondakinak galdaketa hareak dira, %95. Gainontzekoa poliesterrarekin lan egiten duen enpresa bateko zatiak, labeetako zepak eta horrelako gauzak, batez ere metalurgiarekin lotutako hondakinak dira hondakindegian bukatzen dutenak. Duela urte batzuk enpresetatik hainbat hondakin nahastuak zituzten kontainerrak iristen ziren. Guk aspaldi esan genuen horrelakorik ez genuela onartzen. "Zuk ez baduzu zure enpresan bereizi, guk ez dugu gure hondakindegian hartuko". Eta legeak ere hala dio. 

Baina? 
Galdaketa harea horiek askotan berrerabiltzen dituzte fundizioetan. Baina iristen da puntu bat ezin dena berrerabili. Oraingoz honantz heldu dira. Baina ikertzen ari dira errepideak egiteko agregatu gisa erabiltzeko balio duten jakiteko. Kasu batzuetan horrelako aplikazioak egin izan dira. Hortxe dabiltza. Batzuetan, beharbada, momentuan ez dago hondakinendako beste irtenbiderik zabortegi batera botatzea baino. Horrek ez du esan nahi hori denik guk eta enpresek nahi duguna. Zeren hondakinak zabortegira eramateak dirua balio du, geroz eta gehiago. Duela urte batzuk merkeagoa zen hondakindegi batera eramatea birziklatzea baino. Tamalez, oraindik gauza batzuekin gertatzen da. Baina kanonaren sorrerarekin eta hainbat tarifekin hori aldatzen ari da. Esan bezala, hondakindegia azkeneko baliabidea da.

Konpost planta badago ere.
Sakanan, atez atekoarekin, materia organikoa berezita 2013an hasi ginen biltzen. Altsasun 2018an bosgarren edukiontzia jarri zen. Irurtzunen 2015ean jada zortzi auzokonpostagailu zeuden, baina 2022an bosgarren edukiontziarekin hasi ginen ere. Hasieran jasotakoa hemen deskargatzen zen eta pala batekin kamioi bat kargatu eta Mendigorriako biogas planta batera eramaten genuen. Ondoren nahikoa ospe txarra hartu duen Caparrosoko biogas plantara eramaten hasi ginen. 

Nafarroako Hondakin Partzuergoari jakinarazi genion materia organikoa beste modu batera kudeatzea gustatuko litzaigukeela, biogas planta batera eraman beharrean. Hemen egitea, zeren Caparroso urruti dago eta iruditzen zitzaigun hainbeste kilometro ibiltzeak, gas isuriak eta beste, ez zuela zentzurik. Gainera, hemen kudeatutako organikoarekin baliozko zerbait egiten da: konposta. Baina lehen sartutakoa han gelditzen zen. Gainera, ez zen konposta, digestatoa baizik, garai hartan biogas planta bat erabiltzen zelako. Finantzazioa lortu zen eta hemen dugu konpost planta. Hemen Sakanakoaz aparte, Mendialdeko mankomunitateak jasotako materia organikoa jasotzen da. 

Materia organikoa konpost bihurtzea zenbat kostatzen da?
Nahiko alda daiteke, baina ontzeko, gutxienez, sei hilabete behar dira. Baratza garaia da eta dagoeneko jende asko etortzen ari zaigu konposta hartzera. Konposta egiten hasi ginenean bahetzeko makina txiki bat genuen, nahiko lan guztia bahetzeko eta, horregatik, eraman zitekeen konpost kopurua mugatzen genuen. Makina handia dugu orain eta horrekin ez daukagu inolako arazorik. Jendea  urte guztian zehar etor daiteke eta nahi duena eraman dezake. Hori bai, bakarren batek kamioikada bat nahiko balu, aldez aurretik adostu beharko genuke, konposta dagoen edo ez jakiteko. Guretako, konposta hartzerakoan, herritarrek dute lehentasuna. 

Transferentzia gunea zer da?
Errefusa eta ontzi arinak partzuergoaren bidez kudeatzen ditugu. Gure kamioi batek, ez dakit, 6.000 kilo errefusa hartzen ditu. Karga horrekin Tuterako Culebretera joatea erokeria da. Zer egiten dugu? Jasotakoa transferentzia guneko goiko partera eramaten dugu, han deskargatzen du eta txurrutel moduko baten bidez azpiko aldean dagoen kamioi gabarra batera erortzen dira errefusa edo ontzi arinak. Gabarra horrek badauka zoru mugikorra deitutako sistema bat eta hondakinak aurreraka bidaltzen joaten da. Behin hori beteta, kamioiari lotu eta Tuterara eramaten da. Beraz, 6.000 kilorekin joan beharrean, normalean, 22.000 kilo eramaten dira eta, horrela, askoz efizienteagoa da bidaia, emisio gutxiago sortzen dituzu modu horretan. Ontzi arinendako bi kai ditugu, bestea errefusarendako. Batzuetan filmarendako ere erabiltzen dugu.

Errefusarekin bezala, gauza bera gertatzen da ontzi arinekin. Baina gabarretan ez dira hainbeste kilo sartzen, ontzi arinek askoz bolumen handiagoa hartzen dutelako; normalean, 3.000 eta 5.000 kilo arteko karga eramaten du Azkoiengo plantara. Han dena materialaren arabera bereizi egiten dute. Transferentzia gunea Mendialdea, Araxes eta Sakanako mankomunitateek erabiltzen dugu. 

Papera eta kartoiarekin zer? 
Horiek deskargatzeko pabiloi bat daukagu. Han zinta batera bulkatzen dugu, prentsatzeko makinatik pasa eta papera eta kartoiarekin fardoak egiten ditugu. Horiek beste pabiloi batean gordetzen ditugu. Gabarra bat betetzeko adina dugunean kudeatzaileari hots egin eta kamioia bidaltzen digute. Hemen kargatu eta, normalean, Atarrabiako paper fabrikara eramaten dute. Han gauza asko egiten dituzte, baina, esaterako, gu joan ginenean komuneko paperaren tutuak egiten ari ziren guk emandako papera eta kartoiarekin.

Egur tokia ere badago. 
Ez dakit zenbat leiho, ate eta egur sortzen den. Egurrarekin pixka bat denetarik daukagu. Alde komertzialagoa daukagu, eta horretarako tasa bat daukagu. Bestetik, berrerabili daitezken altzariak Emausko Trapuketarien bidez kudeatzen ditugu, bestela egurretara doa. Guk ere kudeatzen dugu egur hori, Gipuzkoako konpost gunera doa. Ez da konposta egiteko, baizik eta aglomeratuak eta halakoak egiteko. Altsasuko garbigunean ere egurrarendako edukiontzia dago eta gauza bera egiten da.

Ateen erakusketa ederra prest duzue. 
Gainera nahiko arrakasta dauka. Jendea etorri izan zaigu negutegiak egiteko leiho eta ate bila. Bestela, inork ez baditu hartzen, kristala kendu beharra daukagu eta gero egurra egurrarekin uzten dugu. Baina hori egin baino lehen saiatzen gara berrerabiltzen ahal diren gauza gehienak. Eta askotan norbaitek horrelako zerbait elkartzekotan eta pentsatzen dugunean beharbada norbaitek erabili dezakeela, aparte jartzen dugu jendeak ikusteko. Leihoak eta ateak nahiko eraman dituzte.

Eta yurta itxurako hori, zer da? 
Hau betetako amets bat da, berrerabilpen gela da. Bisita asko dauzkagu, jende asko etortzen da berrerabiltzeko zerbait daukagun ikusteko. Sortu nahi genuen berrerabilpen gela bat, aldi berean, jendeari ere zerbait irakasteko. Esaterako, yurtaren oinarria norbaitek botatako gurpilekin egin zen. Zoruko isolamendua birziklatutako oihalekin egina dago eta pareta eta sabaietakoa Altsasuko artilearekin egindako isolatzailea da. Oso polita izateaz aparte, iruditzen zitzaigun oso adibide ona dela  jendeari erakusteko: “begira, egia da, gauzak berrerabil daitezke eta birziklatu daitezke. Zeren badago jendea esaten duena ez dela hori egiten. Eta hori ez da egia. 

Zer dago berrerabilpen gelan?
Pixka bat denetarik. Emausko Trapuketarien bitartez  kudeatzen ditugu horrelako gauza guztiak: liburuak, arropa, altzariak... Baina beraiek eraman baino lehen ikusgai jarri eta jendeak Sakanan berrerabil badezake, guretako hobe. Zeren beraiek ere batzuetan gauza gehiegi dauzkate eta irtenbidea eman behar diete. Hori da gela honen ideia, berrerabiltzea eta hondakinekin zerikusia duten hainbat gauza erakustea. Bide batez, ikastetxeetako eta bestelako bisitak dauzkagunean arrakasta handia izaten du. Hemen jolasak daude, baina, gainera, tokia nahiko bitxia da. 

Garbigunea dago? 
Bai, garbigune finko bat dago. Nik uste dut jende askok ez dakiela. Altsasun badago bat, Irurtzunen beste bat egingo da eta garbiguneen sarean Arbizukoa, hau da zaharrena. Hemen ohiko garbigune bat daukagu. Gutxi gorabehera denetarik ekar daiteke etxeetatik, hori bai, etxeetan sortutako hondakinendako da. Eta bereizita ekarri behar da. Guk lagundu diezaiekegu esanez gauza bakoitza non bota. Jende asko etortzen da, erabiltzaile kopuru handia dago, bai. 

Konponketa txokoa?
Norbaitek zerbait konpondu nahiko balu hor erremintak eta halakoak ditu. 

Artilearekin zer egiten duzue?
Guri ekartzen digutena Artaxoako konpost plantara eramaten ari gara. Balorizatzen dugu, baina pena da hainbat erabilera argi dituelako. Artilea, berez, ez da hiri hondakina. Baina, ahal dugun heinean, abeltzainei artilearen edo siloko plastikoaren kudeaketa erraztu ahal baldin badiegu, hori aparteko tasen bitartez egiten dugu. Hondakinen kudeatzaile bat opatu dugu eta horren bitartez egiten ari gara. Baina esandakoa, birziklatzea ez da bakarrik birziklagarria izatea, baizik eta irtenbide bat, merkatu bat izatea. 

Hasieran jasotzen zen tona kopurua eta gaur egungoak ez du zerikusirik, ezta? 
Ez. Kontuan hartzekoa da sortzen dugun hondakin kopuruak ekonomiarekin oso erlazio handia duela; gaizki badoa kopurua jaisten da, ondo badoa, igo egiten da. Geroz eta gehiago bereizten dugu, baina ez dugu geroz eta gutxiago sortzen. Esango nuke orain dela hamar urte baino zertxobait gehiago sortu dugula. Egia da errefusa kopurua asko gutxitu dela, baina geroz eta gauza gehiago birziklatzen eta berrerabiltzen ditugulako. 

Lanketa oso handia dago egiteko hondakinen murrizketaren inguruan eta saiatzen hasi gara. Joan zen urtean zirkulu ekonomiaren gida atera genuen, gomendioak emateko. Oso operazio handia da, eta geroz eta zailagoa, burokratikoki, irtenbideak bilatzerako momentuan... Askoz hobe izango litzateke ekonomia, ingurumen eta alde guztietatik, hondakin gutxiago sortzea. 

Erlazionatuak