EHEk euskarazko kultur eskaintza eskatu dio udalari

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko mai. 20a, 11:00

Altsasuko Udalari euskarazko kultur eskaintza handitzeko sinadurak aurkeztu zutenekoa. ARTXIBOA

Eragile euskaltzalekoek adierazi dutenez, euskarazko "eskaintza zabal, iraunkor eta kalitatezkoa" nahi dute

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak Altsasuko Udalaren kultur eskaintzaren joan zen urteko datuak aztertu ditu. Jakinarazi duenez, helduen programazioaren %15,63 izan zen euskaraz, haur eta nerabeena, berriz, %66,66. 2023ko datuak %13,63 eta %56,25 izan ziren. EHEko kideek esan dutenez, "datuek hobekuntza txiki bat erakusten duten arren, ez dira nahikoak. Hobekuntza horiek gure eskaeretatik urrun daude. Are gehiago, ez dituzte betetzen hizkuntza gutxitu batek bizirauteko behar dituen baldintzak". Ziurtatu dutenez, "euskaraz bizitzeko eskubidea ez da borondate kontu hutsa, ez da anekdota: egunerokoan eta kultur jardueretan ere euskaraz bizitzeko baldintza egokiak behar dira".

Gogoratu dutenez, "Altsasuko euskaldunok Udalari BOST! lelopean bilkura egin genuen 2021ean, aurretik alkatearekin bilera izan genuen. Lastailean udalak adierazi zigun gaia 2022an landuko zutela. Altsasun kultura euskaraz ainguratu gura dinamika 2022an sortu genuen. Apirilean lehen bilera egin eta abenduan sinadura bilketa bati ekin genion". 500 sinadura lortu zituzten eta haiek 2023ko garagarrilean udaletxean aurkeztu zituzten. Sinadurek hiru eskaera babesten zituzten: haur eta gaztetxoendako kultur ekitaldien %100 euskaraz izatea, helduendako programazioaren %25 gutxienez euskaraz izatea eta euskarazko kultur eskaintza handitzeko urteko plangintza bat osatzea. EHEkoen iritziz, eskaerak "zilegiak dira eta bidezkoak dira. Herritarrok prest gaude; orain, Udalaren txanda da". 

Aldarrikapena kalera ateratzeko, EHEkoek kultura euskaraz orain! Altsasuko euskaldunok udalari bost! leloa duen elkarretaratzea deitu dute. Maiatzaren 22an, ostegunarekin, 19:00etan izanen da, udaletxe parean. Ondoren, Irati eta Ekhiñe musikariek emanaldia eskainiko dute.