Alkatea Falangeren jo-puntuan

Guaixe 2025eko urriaren 14a

Javier Ollo Martinez Parlamentuan hizketan. UTZITAKOA

Atzera ere udaletxean mehatxu mezua jaso du. 

Altsasuko Javier Ollo Martinez alkateak X sare sozialeko kontuan jakinarazi duenez, udaletxean honako mezua jaso dute gaur, lastailak 14: "Falange zelatan daukazu, Javier Ollo". Jakinarazpen hori egitearekin batera, alkateak adierazi duenez, "ez ditugu normalizatu behar gorroto diskurtso horiek, ezta lau burugabetzat hartu ere. Balio demokratikoak eta horien aurreko bizikidetza aldarrikatu behar ditugu".

Ollo Altsasuko alkatea izateaz aparte Geroa Baiko parlamentaria ere bada. Bere koalizioak adierazi duenez, "mehatxu horiek onartezinak dira. Gorrotoaren eta intolerantziaren aurrean, demokrazia, errespetu eta bizikidetza gehiago", aldarrikatu dute Geroa Baitik. Nafarroako EAJ buru eta Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde Iglesiasek esan duenez, "soberan daude gure herrian iragan iluna faltan botatzen duten erdipurdiko ausart horiek". Eta gaineratu du: "ez ditugu nahi".