Guardia Civilak Fran Balda atxilotu du

Guaixe 2015ko urt. 12a, 14:27

Espainiako Barne Ministerioak Herrirako diru-zaina izatea leporatzen dio. Gaur, 20:00etan, Arbizuko plazan batzarra eginen da.

Gaur goizean, 6:50 aldera, Fran Balda atxilotzera joan da Guardia Civila Arbizura 10 patrol eta 2 furgoneta txuri). Etxean harekin zegoen ama eraikinetik atera dute eta etxea miatzen 9:50 arte egon dira. Atxiloketaren berri izan bezain laster hainbat herritar Baldaren etxebizitza inguruan elkartu dira. Tentsio uneren bat izan da senideek Guardia Civilei kontu eske joan direnean. Balda etxetik Iruña aldera eraman dute; aurretik, alabak aita agurtzeko aukera izan du. Miaketatik plastikozko bi poltsekin atera dira Guardia Civilak. Atxiloketaren ingurukoak aztertzeko gaur, 20:00etan, batzarra eginen da Arbizun.

Gaurko 16 atxiloketekin ETAren “kartzela fronteari eusten zion finantza egitura” desegin dela adierazi du Espainiako Barne Ministerioak. Iturri horrek Balda eta beste hiru atxilotu Herrira erakundeko diruzaintzat jo ditu. “Epaitegiak haren jarduera eten arren ETAren Espainiako espetxe frontearen egitura aktiboei babes ekonomikoa ematen segitzen zuen”.

Ministerioak zabaldu duenez, “Herrirako diruzain gisa atxilotutakoek legez kanpo utzitako Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren ekonomi baliabide berak kudeatzen zituzten. Gainera, teknika berak erabiltzen zituzten”. Egitekoen artean abokatuei euren lanagatik ordaintzea zegoela ere jakinarazi du.


Diru-zuritzea
Beste 12 atxilotuak abokatuak dira. Ministerioaren arabera “abokatuen kolektiboa ETAren eta espetxea dauden militanteen artean informazioa transmititzeko funtsezko elementua dira; EPPKren kohesioa eta barne diziplina mantentzeko ezinbestekoa”. Presoen gaineko kontrola zutela nabarmendu du Ministerioak: “erakunde terroristaren interes politikoak eta estrategikoak presoen defentsa juridikoa eta interes pertsonalen gainetik ezartzen zuten”. Aldi berean, abokatuei 2012an eta 2013an EPPK-ko kideei emandako laguntza juridikoagatik 1,3 milioi euro ez deklaratzea ere leporatu diete.

Segida
Ministerioak jakinarazi duenez, Guardia Civilak 2013ko irailaren 30ean (Herrira-ren kontrako sarekada) eta 2014ko ilbeltzaren 8an (EPPKren mintzakidetzaren atxiloketa) egindako sarekadak osatu du gaurkoak. Balda aurrenekoan atxilotu zuten. Epaileak “talde terroristako kide izatea, goratzea eta finantzatzea” leporatu zien sarekada hartan atxilotutako 18ei. Aldi berean, Herrira-ren jarduera bi urterako etetea agindu zuen. Lau egun atxilotuta egon eta epailearen aurrean akusazioak ukatu ondoren aske gelditu zen Balda, hamabostero sinatzeko beharrarekin, besteak beste.

2013ko irailean atxilotutako 18 euskal herritarrek auzitara eraman dute Espainiako Gobernua. Atxilotu berritan haiei buruzko datu ugari zabaldu zuen Ministerioak. Errugabetasun presuntzioa urratu zela ere argudiatu zuten, poliziaren aurrean deklaratu aurretik delitu larriak egotzi zizkielako barne ministroak.