Balda fidantzapean aske geldituko da

Guaixe 2015ko aza. 16a, 12:56

Bere osasun egoera kontuan izan dute eta 10.000 euroko fidantza ezarri diote.

Fran Balda 10.000 euroko fidantza ordaindu ondoren aske geldituko da. Haren senideak gaur tramite guztiak egiten ahaleginduko da, Balda lehenbailehen Navalcarneroko espetxetik ateratzeko. Arbizuarrak gaixotasun kroniko bat dauka eta horri erreparatuz libre uztea erabaki dute. Hala jakinarazi du www.ahotsa.info-k. Aurtengo ilbeltzaren 12an atxilotu zuten arbizuarra, beste 15 euskal herritarrekin batera. Eloy Velasco epailearen aginduz atxilotu eta ilbeltzaren 14an espetxeratu zuten Balda, ““Herrira-n jardutea debekatzen dion kautelazko neurria haustea, erakunde terroristako kide izatea, hura finantzatzea, gizarte segurantzari iruzur egitea, zerga iruzurra eta dirua zuritzea” egotzita.

Baldaren askatasuna eskatzeko manifestazio handia egin zen Arbizun otsailaren 1ean. Manifestazioaren deitzaileek adierazi zutenez, Euskal Herriko, Kataluniako eta estatuko prozesuak geldiarazteko “estatuko indarrik erreakzionarioenak ahalegin izugarria egiten” ari direla adierazi zuten. Saio hori “estatu autokolpetzat” jo zuten, “oinarrizko eta funtsezko askatasun guztiak bortxatzea eta salbuespen hutsean oinarritzen dena”. Estatuak ez duela egoera normalizatu bat nahi azpimarratu zen manifestazio akaberan: "eztabaida politiko-demokratikoan ez daude eroso, ez baitute ezer Euskal Herriari eskaintzeko”.

Baldak espetxetik bidalitako gutuna ere irakurri zuten eta presoak ezker abertzalea aurrera eramaten ari den ildoa eta estrategia indartu beharra dagoela adierazi zuen, “beste inork ez baitu alternatibarik eskaintzen, ez gatazkaren ondorioak konpontzeko, ez gatazka bera eragin duena, erabakitzeko eskubidea eta herri honen aitortza lortzeko”. Presoak eta iheslariak etxeratzea lehentasuna dela eta “indar guztia egiten” segitzeko deia luzatu zuen. Baita Sare eragilea indartzeko deia egin ere.