Vox-eko Nafarroako ordezkariek apirilaren 28ko kongresuko eta senatuko hauteskundetara aurkezteko abalak eman zituzten joan den astelehenean. Nafarroako Vox-eko senaturako Luis Pezonaga eta Yolanda Ruiz idazkariarekin batera, Javier Lopez Monreal afiliatua joan zen. Azken gizon hori Falange y Tradicion taldeko kide izateagatik urte eta erdiko espetxe zigorra jaso zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean, gerora Gorenak berretsi zuena. Epaileek frogatutzat jo zuten Lopez, Jose Ignacio Irusta eta Borja Perez Illera memoria historikoko oroigarrien kontra eta mehatxuak egin zituztela.
Horien artean zegoen 2009ko agorrilaren 20an Arbizuko udaletxean egindako mehatxu pintaketa: orduko alkatearen eta hiru zinegotziren izenak eta haien kontrako heriotza mehatxuak (“orain zelatan, bihar hilko zaituztegu”) idatzi zituzten. Aldamenean Falangeren logotipoa eta “Otsaportillo 1936. Gora Barandalla!” idazkia zeuden. Gerora Falange y Tradición taldeak bere gain hartu zituen Euskal Herrian egindako 25 eraso, baina zerrendatu gabe. Urte hartako lastailaren 23an atxilotu zituzten taldeko bost kideak.