Astekaria

Hasi dira estalpeko lanak

Guaixe 2023ko urt. 9a, 09:02

Langileak estalpea jasotzeko lanak egiten. UTZITAKOA

Martxo akaberarako egina egonen da. Estalpeko zoru berria jarri arte Ubelde kalea itxita egonen da. Estalpea jartzerakoan ere itxi beharko da kale hori.

Arbizuko plazako frontoia zegoen tokian estalpea jasotzeko lanak duela hilabete hasi ziren. HMB enpresako langileak ari dira hura egiten. Estalpea egiteko bi hilabeteko epea izanen du enpresak. Lanengatik udalak 123.000 euro inguru ordainduko ditu. Estalpea egiteko lanek ez dute udala zorpetuko, izan ere, hura finantzatzeko bi dirulaguntza erabiliko ditu: Cederna-Garalurren bidez, Landa Garapenerako Funtsetik jasotako 50.000 euroak eta pandemia garaian jasotako erabilera askeko dirulaguntzako 63.000 euroak. Lanak emateko lehen deialdia martxoan egin zuen udalak baina hutsik gelditu zen. Ondoren aipatu enpresak interesa azaldu eta hura arduratu da lanez. 

Arbizuko Udalak jarri eta kendu egiten den estalpe bat izan du orain arte jai egunetan jarri izan duena. Joan den urtean herri galdeketa egin zuen eta arbizuarrek estalpe finko bat nahi zuten. Erantzuna baiezkoa bazen bi aukeren artean zein zuten gogokoen botoa emateko aukera izan zuten herritarrek 2021eko martxoaren 28an. Arbizuarrek lauki formako estalpearen alde egin zuten.