Astekaria

Alokairurako 5 etxeak 2025erako eginak egonen dira

Guaixe 2023ko mar. 6a, 09:05

Arbizuko San Joan bide kaleko zintzilikarioak atzean alokairurako etxeak eginen den partzela dago. ARTXIBOA

Gazteei zuzendutako alokairuko etxeak izanen dira.

Etxebizitza premiei buruzko Arbizuko Udalaren inkesta 22 pertsonek erantzun zuten 2019an, eta, bide batez, haien premiak zein diren jakinarazi zuten. Arbizuko Udala Nasuvinsa enpresa publikoarekin harremanetan jarri eta hainbat aukera aztertu ondoren erabaki zuen San Joango bidea kalean duen 407,1 m2-ko lursaila haren esku uztea bertan alokairurako etxebizitzak eraikitzeko. Bi aldeetako arkitektoek irizpideak adostu ondoren, udalaren partzelan atxikitako edo ilaran eraikitako bost etxe eraikiko dira. 

Nasuvinsako etxebizitza departamentuko arduradun Berta Uriz Casaucauk jakinarazi duenez, proiektua egiteko Boa Arquitectos, S.L.P eta Enrique Kahle Olaso enpresari esleitu zaie. Dagoeneko kontratua sinatuta dute eta arkitektoak lanean ari dira. Urizek azaldu duenez, “oraindik ez dakigu etxebizitzek zer tamaina izanen duten, baina, gehienez, 90 m2 erabilgarri izanen dira”. Aurreratu duenez, lanak aurtengo azken hiru hilekoan hasiko dira eta 18 bat hilabete iraunen dute, beraz, etxeak 2025erako eraikiak izanen dira. “Lanak hasten direnetik jendea bizitzera sartu arte bi urte eta erdi pasako dira”, azaldu du Urizek. Gaineratu duenez, etxeok eraikitzeak milioi bat euroko aurrekontua izanen du gutxi gorabehera. Etxebizitza horietan interesa duten arbizuarrei Urizek aholkatu die Nasuvinsako babestutako etxebizitzen eskatzaileen erroldan izena emateko.