Txistorra erdigunean

Guaixe 2023ko urr. 17a, 11:43

Txistor egunean kale nagusia jendez beteta egon zen.

Hestekiari eskainitako eguna jendetsua izan zen, giro ederrean ospatu zena.

Eguraldia lagun, jende ugari elkartu zen Arbizuko Txistor Egunean. Lakuntza eta Etxarri Aranaztik oinez joatera animatu zenik ere izan zen. Kale Nagusia azoka handi bat bilakatuta opatu zuten. Ia 50 bat salmahai zeuden. Haietan tokiko ekoizleak eta artisauak zeuden beraien produktuak saltzen. Plazan bertan sukaldea zegoen. Hantxe txistorra pintxoak prestatu eta saldu zituzten, ardoaz lagunduta, 3 euroan eskura zitezkeenak. Jendea txistor gosez zen, eta sukaldariak ezin iritsi ibili zen. Arbizu eta Flores enpresek emandako 130 kilo txistor 2.000 pintxo bihurtu eta ordu eta erdian bukatu ziren. 

Plazak ere txistorra pintxoen lehiaketako sari banaketa ere jaso zuen. Baserri jatetxeko Amaia Berekoetxeak egindako Mailope pintxoak eskuratu zuen lehen saria.  Pintxoa, kopa batean aurkeztuta, deseraikitzea zen, txistorra eta urdai kurruskariarekin, arrautza eskalfatuarekin, patata purearekin eta piperrauts ketuarekin. Lehiaketako epaimahaia honako hauek osatu zuten: Javier Diaz (Alhambra jatetxea), Fernando Flores (Enekorri jatetxea), Nerea Caballe (Izar ondo jatetxea), Juantxo Saenz (Herriko taberna) eta Fernando Araña eta Ildefonso Barreña (garai bateko Martintxone jatetxekoak). 

Arbizuko Txistor Egunak gehiagorako ere eman zuen. Soinu banda ugaria izan zen. Alde batetik, Arbizuko fanfarrea. Bestetik, Nafarroako trikitilarien bilkurak, 67 jole bildu zituen. Aldi berean, Sakana Kantuz taldeak Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Altsasuko kideak elkartu zituen eta herrian barna kantari ibili ziren. Azkenik, Arbizuko erraldoi konpartsako kideei dantzarako doinua Haizeberri dultzaineroek jarri zieten.