Arbizuko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Nasuvinsa enpresa publikoak hitzarmena sinatu zuten 2022ko irailean. Ondorioz udalak San Joango bidea kalean duen 407,1 m2-ko lursaila Nasuvinsaren esku utziko luke eta hark han gazteei zuzendutako alokairuko bost etxebizitza eginen lituzke. Etxebizitzarako sarbidea erraztuz, udalaren asmoa da gazteak herrian bizitzen gelditzeko aukerak eskaintzea.
Etxebizitzen proiektua 2023an egin zen. Nasuvinsak eraikuntza lanak 2023ko akaberan hasi nahi zituen, ondoren 2024ko udaberrira atzeratu zuen. Baina lanak ez dira hasi. Francisco Javier Razkin Flores alkateak azaldu duenez, "behin baino gehiagotan galdetu dugu proiektuaren egoeraz eta obren atzerapenaz, baina orain arte ez digute erantzunik eman. Eta orain jakin dugu obra ez dela, oraingoz behintzat, eginen". Nasuvinsatik argudiatu dutenez, "ez dago dirurik,eta eskaera asko jaso dira".
Razkinek haserre hitz egin du: "gobernua herri handietarako etxebizitzaren inguruko planak egin eta gauzatzen hasita da: tentsio herrien izendapena, Sarrigurenen 4.000 etxebizitza eraikitzeko plana... Baina 5.000 biztanletik beherako herriondako ez dago planik nonbait". Arbizuko alkatearen iritziz "gobernua, praktikan, herri txikietatik herri handietara joateko politikak sustatzen ari da. Bitartean, landa eremuak ez husteko, ustezko jardunaldiak antolatzen dituzte". Razkinek ziurtatu duenez, "etxebizitza politika eraginkorrik gabe, herri txikiak hustera doaz poliki-poliki".
Hori dela eta, Arbizuko Udala "gure egoera bertsuan dauden beste herri batzuekin harremanetan jarriko gara, denok batera ekimen bateraturen bat antolatzeko proposamenarekin. Gure ustez, gutxienez, haserre hau publiko egin beharko genuke hedabideetan, Gobernuari presioa egiteko. Horretaz aparte, beste ekimen bateraturen bat adostuko bagenu, ederki". Razkinek nabarmendu duenez, "dena beharko dugu herri txikiok, gure eskaerak entzun arazteko".
Gonbidapena
Arbizun 2020an 60 etxebizitza hutsik zeuden. Udaletik etxe horien jabeei zuzendu zaizkie: "kontura daitezen zein garrantzitsua den etxe hutsak alokatzea gazteak, batez ere, bertan bizitzen jarraitzeko". Etxe hutsa duen jabeak alokatzeko bi aukera ditu. Bata da bere kabuz egitea. Bestea Nasuvinsaren alokairurako poltsaren bidez etxebizitza alokatzea. Aukera horren alde egiten dutenek bermatuta dute hileroko dirusarrera. Gainera, maizterrek etxean kalteren bat sortuko balute Nasuvinsa arduratuko litzateke hura konpontzeaz. Alokairuan bizi nahi duten errolda ere badu Nasuvinsak.