Aurrekontu Egonkortasun Legea bete ez zuenez, Arruazuko Udalak ezin izan zuen herriko plan estrategikoa egiteko prozesua martxan jarri. Aurten eginen du. Gorka Ovejero Ganboa alkateak esan duenez, “Bakaikun egin zen prozesuaren antzekoa egin nahi dugu. Enpresa bat kontratatuko dugu plan estrategikoaren dinamizazioaz arduratzeko. COVID-19 gaitzak uzten badu, herriarendako lehentasunak zehazteko, uda ondoren hasi nahi genuke batzar eta lantaldeak sortzen eta martxan jartzen”.
Ovejerok azaldu duenez, “Arruazu herri txikia denez eta ekonomia gaitasuna mugatua duenez, epe ertainerako plan estrategiko bat eginen genuke, 15-25 urterako-edo”. Udalean dauden aztergai dituzten gaietako batzuk dira: etxe bat erostea etorkizunean adinduendako egokitzeko, plazan estalpe bat jartzea edo ez edo udaletxean berogailua jartzea. Guztiak udalarendako inbertsio handia eskatuko luketen erabakiak dira.
Prozesua bideratuko duen enpresa kontratatzeko 15.000 euro (BEZ kanpo) bideratuko ditu udalak. “Halako prozesuetarako dauden dirulaguntzak eskasak dira. %50 eta %80 artekoak izatea espero genuen, baina joan den urtean Nafarroako Gobernuaren 3.836,01 euroko dirulaguntza besterik ez ziguten onartu”, kexu azaldu da Ovejero. Aurrekontu Egonkortasun Legea bete ez zuenez, udalak dirulaguntzari uko egin zion.
Estalpea
Lakuntzako Udalak plaza estaltzeko zuen estalpe zaharra joan den urtean Arruazuko plazan jarri zuten, ostatuaren eta parkearen ondoan. Estalpeak zerbitzu ona eman zuela uste dute udalean, baina arbazuarren artean estalpe finko baten inguruan zein iritzi dagoen jakiteko parte hartze prozesua martxan du Arruazuko Udalak. Herriko etxeetara inkesta bidali du arbazuarrek erantzun dezaten estalpe finko bat beharrezko jotzen duten edo ez, lehentasunezko lan bat den edo ez, beharrezko joz gero non jarriko luketen eta zein tamainakoa eginen luketen zehazteko eskatuz eta gauza onak eta txarrak aipatzeko eskatuz. Erantzunak udaletxeko buzoian edo arruazukoudala@arruazu.eus e-postara bidali daiteke. Inkestaz aparte, udalak bi batzar deitu ditu estalpearen inguruan hizketatzeko: otsailaren 27an eta martxoaren 20an. Biak larunbatak eta 17:00etan hitzorduak jarri ditu.
Aurrekontuaz
Arruazuko Udalak bere aurtengo aurrekontuan 138.928,08 euroko diru sarrerak eta 138,385,22 euroko gastuak aurreikusi ditu. Joan den urtean baino 22.326,82 euro gehiago ditu aurrekontuak. Ovejerok azaldu duenez, dirulaguntza gehiago jasotzeko aurreikuspenagatik izan da hazkunde hori. Izan ere, udalek dirulaguntzarik gabe apenas egin ditzakete inbertsioak zorretan sartu gabe.
Hain zuzen, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzekin finantzatzen ari da Arruazuko Udala trenbidetik Aralar aldera dagoen basoan aziendarako bazkalekua edo angioa egiteko lanak. “Hirugarren urtea izanen da aurten han lanak egiten ditugunak. Itxituraren erdia berritzen hasi ginen, joan den urtean sasiak kendu genituen eta aurten sasi garbiketa lanekin segituko dugu”, azaldu du Ovejerok. Lan horiek herriko basogintza planean jasoak daude.
Dermioan Arakil gaineko bi zubi ditu: Arnazkoa eta Uharte Arakilerako errepide zaharrekoa. Biak ere egoera txarrean daude. Arnazkoa zubiaren zutabe batetik harriak erori dira eta udala hura konponduko duen kisusgile noiz etorriko zain dago. Bestea zubiaren jabetza udalarena edo gobernuarena den argitzeko dago. Bestalde, mediku kontsultategiaren fatxada berritu eta murala margotuko du Iker Uribek.