Herriaren etxean hainbat inbertsio eginen dira

Guaixe 2022ko mai. 25a, 11:07
Ezkerrean Arruazuko udaletxeko atea zabalik, ondoan ostatukoa itxita. ARTXIBOA

Arruazuko Udalak ludoteka handitzeko asmoa du eta egungo haren espazioa nerabeendako txoko izatea nahi du. Gainera, igogailua jarriko da. Bestalde, ganboikoan mantentze ariketak egiteko materiala erosiko du udalak.

Aurreko urtean baino 40.000 euro gehiago ditu aurtengo Arruazuko Udalaren aurrekontuak: 179.000 euro. Gorka Ovejero Ganboa alkateak azaldu duenez, aldea baso aprobetxamendua saldu delako da. Ubelde pareko txipudegia eta Arnaz aldean haritzez eta pinuz osatutako epaitzengatik 48.000 euro eskuratu ditu udalak, eskatzen zuenaren bikoitza. Ovejerok azaldu duenez, "ohiko aurrekontua da". Hala ere, herriko plan estrategikoan jasotakoa betetzeko asmoz hainbat inbertsio jaso dituzte. Haietako asko herriaren etxean eginen dira. Hasteko udaletxea zaharberritzeko lanak egin zirenean igogailua jartzeko zuloa utzi zen. Hura jartzeko udalak 15.000 euro ditu orain. Horrela 2. eta 3. solairuan egiten diren jardueretan parte hartzeko aukera izanen dute adinekoek. 

Izan ere, ganboikoak kultur ekitaldiak edota batzarrak hartzeaz aparte, aurki gimnasioa hartuko du. Ovejerok azaldu duenez, "mantentze ariketak egiteko pisuak, baloiak, koltxonetak eta halakoak" erosiko dituzte. Eraikinaren egitura egurrezkoa denez, ez dute makina askorekin bete nahi ganboikoa. Materiala erosteko 3.000 euro bideratu ditu udalak. Sakanako Mankomunitateko Sakana eskualde aktiboa zerbitzuko talde bat Arruazun dago eta hotza egin duenetan ganboikoan elkartu izan dira. 

Bestalde, herriaren etxean espazioen banaketa eginen dute. Lehen solairuan dagoen batzar gela ludoteka bihurtuko da eta egungo ludoteka, berriz, Arbazuko nerabeendako tokia izanen da, "ikasteko, egoteko. Altzariak erosiko ditugu eta ordenagailua eta Interneterako lotura izanen dute". Horretarako 3.000 euro dira, eta liburutegia martxan jartzeko 2.000 euro. Bestalde, 42.000 euro (19.000 euroko dirulaguntza) inbertitu zituen udalak herriaren etxean egur galdara eta lehen solairuan eta ganboikoan berogailua jartzeko. Joan den urtera arte ludotekan besterik ez baitzegoen berogailua, elektrikoa. Bestalde, Arbazuko gazteek gazteleku bat nahi lukete. Alkateak esan duenez, "hainbat galdera egin dizkiegu hausnartu dezaten. Oraindik ez dugu erantzunik jaso, baina beraiendako toki bat atontzeko 1.750 euro ditugu".

Estalpea
Proiektua egiteko 17.000 euro daude. Udalak estalpearekin batera ingurua urbanizatzea. "Frontoitik ostatura oinezkoendako izanen da eta landare hesi batekin mugatuko da espazioa. Elkarte aldea ere hartuko du, garbitokiraino. Egungo lorategia plaza moduan eraberrituko da eta frontoiaren ondoko izkinan haurrendako jolas gutxi batzuk egonen dira. Eliza aldeko inguruan euri urak hartzeko lanak egin nahi ditugu. Ibilgailuak aparkatzeko tokiak zehaztu ere bai. Estalpearen zati batek ostatuari zerbitzua emanen dio. Estalpeak, gainera, argia pasatzen uzteko 'zuloak' izanen ditu", azaldu du alkateak. Lana finantzatzeko Toki Azpiegitura Planari erreparatu diote. Urtero udalek beraiek nahi dutenera bideratzeko diru partida bat izanen dute eta horiek urte batetik bestera gordetzeko aukera izanen dute. Baina dirulaguntzak eskatzea ez dute baztertu.

Herriko itxurari eragin diezaiokeen bestea udalak egin nahi duen Alde Zaharra birgaitze plana da. "Hori izanik, etxebizitzak zaharberritu nahi dutenendako dirulaguntzak asko handitzen dira". 3.000 euro daude horretarako. Bestetik, Sakananet Internet sarearekin aldaketa handia nabaritu dute arbazuarrek. Egitasmo horretara aurten 7.000 euro bideratuko ditu udalak. 5.500 euro proiekturako eta 1.500 euro Guifineteko kide egiteko. Azken horrekin Internet konexio bat 10 urtez doan izanen du, ludotekan jarriko dena. Arruazuko Udalak, dagoeneko, zuntzaren hedapenean 15.000 euro inbertitu ditu. 

Bestalde, azienda bazkatzeko basoan angio bat egiten ari da udalak. Horen barruan baltsa egin eta baso garbiketaren bigarren fasea egiteko 24.300 euro aurreikusi ditu udalak. Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatu dio. 

Zubiak 
Arnazko zubia egoera kaxkarrean zegoen, harri batzuk eroriak zituen eta joan den urtean indartu zuten. Uharte Arakil eta Arruazu artean dagoen errepide zaharreko zubia ere egoera txarrean dago. Gainera, handik Sakanako bizikleta ibilbidea pasako da. Udalean zubiarekin zer egin aztertzen ari dira. Bi aukera dituzte mahai gainean. Aukera bat da udalak zubia kendu eta haren ordez altzairuzko bat jartzea. Beste aukera da Nafarroako Gobernuari aitorraraztea zubia berea dela, eta foru administrazioak konpon dezala. Ovejerok gaztigatu duenez, "abenduko uholdeekin gehiago hondatu zen zubia". Bide batez, Arruazuko Udalak uholdeen prebentziorako plana prest du. Babes Zibilaren oniritzia jaso ondoren udalak onartuko du.