Nafarroako tokiko hedabideak Arruazun elkartu ziren urriaren 29an, Nafarpres elkarteak antolatutako jardunaldietan. Bosgarren edizioa zen, eta komunikazio profesionalak, erakundeetako ordezkariak eta lurralde garapenarekin lotutako eragileak bildu ziren, gertuko kazetaritzaren erronka nagusiez hausnartzeko eta tokiko komunikabideen lana aitortzeko. Besteak beste, jardunaldian etorkizunerako funtsezko gaiak landu zituzten. Topaketan ere Nafarpres III. Sariak banatu zituzten, eta Tokiko Prentsaren II. eskola Sariak banatu zituzten ere. Pantxika Lamurrek gidatu zuen ekitaldia.
Hitzaldiak eta aurkezpenak
Jardunaldietan hitzaldiak, solasaldiak, Mailope komunikazio proiektuaren aurkezpena eta mahai ingurua izan ziren. Sandra Goldarazek eta Victor Goñi Nafarroako Gobernuko Komuniazio zuendari nagusiak zabaldu zuten ekimena; Goldarazek azaldu zuenez, "ezin dugu lurralde kohesioaz hitz egin informazio kohesioa ere bermatzen ez badugu. Eta nekez hitz egin dezakegu lurraldeen arteko berdintasunaz, gure herrietan bizi direnek gertuko informazioa, zorrotza eta kalitatezkoa jasotzeko aukerarik ez badute». Gainera, tokiko prentsarekiko erakundeen konpromiso handiagoa eskatu zuen.
Iñaki Zabaletak informazio basamortuez hitz egin zuen, eta lantzen ari den ikerketaren lehenengo pintzeladak eman zituen. Jon Urtasunek Mailoperen komunikazio proiektu berria aurkeztu zuen. Hilabetekaria, mailope.eus webgunea eta Aralar Irratia biltzen ditu proiektuak, papera, irratia eta komunikazio digitala uztartuta. Nafarpresen, Fundación Caja Navarraren eta Rural Citizenen arteko lankidetza proiektu bat ere aurkeztu zuten. Mahai inguruan tokiko prentsaren eta komunikazioarekin, despopulazioarekin, landa-garapenarekin eta hizkuntza aniztasunarekin lotutako politika publikoen arteko harremana aztertu zuten topaketan.
Nafarpres Sariak
Lehenengo aldiz parte hartu du Sakanako ikastetxe batek Eskola Lehiaketan, Lakuntzako herri eskolan, eta lehenengo aldiz ere Lakuntzako ikasle batek irabazi du saria: Malen Peñak irabazi zuen Albiste onenaren saria. Elkarrizketa onenaren saria Luka Arcillak irabazi zuen, Barasoaingo Martin de Azpilcueta eskolako ikaslea.
Nafarpres sarietan Elkarrizketa atalean Guaixeko hiru elkarrizketa zeuden finalistak: Alfredo Alvaro Igoak Jose Ignacio Ulayar Mundiñanori egindako elkarrizketa ("Beti gogoan eduki: hildakoa eta ondokoa pertsonak dira"); Erkuden Ruiz Barrosok Naroa Carrasco Machori egindako elkarrizketa ("Betidanik interesatu zait behetik egindako historia; jende arruntaren historia") eta Maider Betelu Ganboak Monica Zubillaga Anduezari egindako elkarrizketa ("Triatloi epaileena etengabeko formazioa da"). Pantxika aurkezleak esan bezala, gertatzen zena gertatzen zela saria Sakanan geldituko zen, eta azkenean Erkuden Ruiz Barrosok irabazi zuen Elkarrizketa onenaren Nafarpres Saria.
Aurten estreinakoz Tokiko Iragarle Konprometitua saria banatu dute, eta Etxarri Aranazko Xapatero Tabernak jaso zuen, hasieratik Guaixe babestu duelako bertako hedabideetan publizitatea jarriz.