Guaixe astekaria ostiralero kaleratzen da eta 1994. urtetik darama euskarazko informazioa lantzen. 2004. urtetik aurrera gaur egun ezagutzen dugun paperezko formatuan kaleratzen da. CIES-en azken neurketaren arabera 20.000 irakurle ditu eta eskualdean 3.200 ale banatzen dira. Helbidea: Foru plaza 23 1, Altsasu. Kontaktua: 948 564 275 - 618 882 675 (Telegram eta WhatsApp). www.guaixe.eus
1994ko abenduan ikusi zuen argia Guaixe hilabetekariaren lehenengo aleak. Sakanako euskaldunak beren etxeetan hilabetekaria doan jasotzen hasi ziren. Sakanako euskaltzaleen artean piztutako ilusioa zela medio, kolaboratzaileen sare zabala sortu zen. Guaixe hilabetekari izan zen urte horietan guztietan herrietako kolaboratzaileek beren herriko kronika idatzi zuten hilabetero-hilabetero. Sortu zen komunitate sentimendua oso garrantzitsua izan zen Bierrik elkartea garatzeko.
Lehenengo hiru urteetan Guaixe hilabetekaria izan zen Bierrik elkartearen ia proiektu bakarra. Hilabetekariak etxeetan harrera beroa jasotzen bazuen ere, euskarazko beste hedabide batzuk sortzeko beharra ikusi zuen elkarteak, soilik idatzizko alorrera ez mugatzeko. Bierrik elkarteak hasiera-hasieratik zuen euskara hutsean emitituko zuen irratia sortzeko asmoa, jende gehiagorengana iristeaz gain, azken orduko albisteak lantzeko parada ona zelako. Guaixen zaharkituta geldi zitekeen informazioa berritzeko aukera zegoen eta, gainera, aisialdiak ere bere lekua izango zuen. Horrela, 1997an gogoz hasitako lanak bi urte behar izan zituen errealitate bihurtzeko, 1999ko udaberrian Beleixe irratia sortua zen eta.
Elkartearen baitan eztabaida ugari izan zen Guaixeko berrien tratamenduaren inguruan, hilabetekaria etxeetara iristen zenerako berri asko zaharturik gelditzen zirelako. Aldizkariaren maiztasunak biziki kaltetzen zuen informazioaren egunerokotasuna. Besteak beste, horri aurre egiteko egin zen irratia. Hala ere, Beleixe martxan egonagatik, idatzizko albiste eguneratuen auziak bere horretan zirauen. Guaixe hilabetekaria hamabostekari bihurtzea izan zen proposaturiko irtenbideetako bat, baina, oso garestia zenez, ez zegoen egitasmo hori aurrera ateratzeko modurik. Ondorioz, beste aukera baten alde egin zen: astero-astero zuri-beltzean eta egunkari formatuan doan banatuko zen kazeta: Oixe. Beste gainerako egunkariak saltzen diren kioskoetan doan banatzen hasi zen 2001eko ekainean.
2003. urtera arte aldi berean argitaratu ziren Guaixe hilabetekaria eta Oixe astekaria. Hausnartzeko garaia iritsi zen, ordea: 8 orrialdeko astekari bat eta hilabetekaria egiteko bitarteko eta gaiak baldin bazeuden, zergatik ez egin orri gehiago eta gaiak sakonago landuko zituen astekari indartsuago bat? Berriro ere beldur, zalantza eta oztopo guztiei aurre egin eta oso pauso garrantzitsua eman zen 2004. urtarriletik aurrera: Guaixe astekaria, formatu berria eta erabat itxuraldaturik, aldizkari itxura alde batera utzirik.
Guaixek 3.200 ale banatzen ditu astero bazkide direnen etxeetan eta Sakanako beste hainbat puntuetan.
Guaixe astekariaren proiektua Sakanan oso erroturik dagoen seinale da irakurleen neurketak emandako datua: Cies-en azken neurketaren arabera, 20.000 irakurle ditu eskualdean.