Irratia

BELEIXE IRRATIA (FM 107,3) 1999. urtean sortu zen eta gaur egun 24 orduko programazioa eskaintzen du ( musika, elkarrizketak eta Egun on Sakana saioa 10:00etatik 12:00etara eta errepikapena 14:00etatik 16:00etara). www.guaixe.eus-en bidez zuzenean entzun daiteke. Egoitza nagusia Etxarri Aranatzen dauka: Nagusia 10.

Sakanan euskal komunikabideak eta euskal kultura bulkatzeko asmoz sortu zen Bierrik. Urte hartako abenduan zabaldu zen Sakanako etxe askotara elkartearen lehen fruitua: Guaixe, Sakanako hilabetekaria. Baina elkartearen asmoa ez zen horretara mugatu.

Hilabetekariaren egitasmoa finkatu bezain laster, 1996an irratia martxan jartzeko batzordea lanean hasi zen. Irratiak aldizkariak bete ezin zuen hutsune informatiboa estali nahi zuen. Aldi berean, irratigintza arloan ibarrean zegoen euskararen presentzia eskasa handitu nahi zen ere. Hiru urteko ahaleginen ondoren, 1999ko maiatzaren 3an uhinetan zabaldu zen BELEIXE IRRATIA, Sakanako irrati euskalduna. Elkarteak Etxarri-Aranazko Udalaren lizentzia erabili zuen martxan jartzeko. Bi esatari ziren guztiaz arduratu zirenak. Bi orduko emanaldia izan zen hasiera hartan, eguerditik ordu biak arte.

Hasierako programazioko edukiak ondokoak ziren: entzuleei agurra (eguraldi iragarpena eta halakoak), merkatu txikia, magazina (elkarrizketa pare bat arlo ezberdinetako kolaboratzaileekin), Nafarroako irratien arteko kroniken elkar trukaketa, Sakanako albistegia, agenda, zorion agurrak eta lehiaketa. Gure emisioaren ondoren, Iruñeko Euskalerria Irratiarena errepikatzen dugu.

Bi hilabete lanean generamatzala, Arrosan bildu ginen, Euskal Herriko hainbat irratirekin. Esperientziak elkar trukatu eta elkarren berri izan ondoren, batera lan egiteko aukerak aztertzekotan gelditu ginen. Bidea ibili dugu hemen ere. Arrosa proiektua egituratzen lagundu dugu. Emisio nazionalak egin ditugu hainbat irratik. Baina irratien artean saioak elkartrukatzen ari diren honetan, guk aukera horretaz baliatzeko ez dugu ahalmenik oraindik.

BELEIXE IRRATIA sortu eta hiru hilabetetara, 99ko abuztuan, beste bi irratirekin bilerak egiten hasi zen. Bata, Aralar Irratia Lekunberriko udal irratia eta Araitz, Betelu, eta Larraun aldean entzuten dena. Bestea, Ametza kultur elkarteak sustatu duen Esan Erran Irratia, Basaburua, Ultzama, Imotz, Odieta eta inguruetan entzuten dena. Hiru irratiak geografikoki hurbil egoteaz gain, antzeko programazioa eta filosofia dugu.

Bilera hartatik hiru irratiek programazio bateratua ontzea proposatu zen. Ahaleginen bateratzeak hiru irratien emanaldia zabaltzea ekar zezakeela ikusi genuen. Hain toki txikian hiru irratiak egoteak, kolaboratzaileak erretzea ekar zezakeela pentsatu genuen. Horrekin batera, jendearen berezko harremanak gehiago sakontzeko aukera emanen zuela pentsatu genuen. Irrati bakoitzak bere elkarte edo udalaren baimena jaso eta gero, proposamena ontzen segi genuen.

Guztia lotzeak urte luze bat eman zuen. 2000ko urriarekin batera aireratu zen Sarea. Horrekin BELEIXE IRRATIAren emisioa ordu bat gehiago luzatu zen.  Ahaleginak 2001eko Argia aldizkariaren merezimenduzko saria balio izan zigun. 2008. urtetik hona finantziazio arazo larriak izan ditu irratiak Nafarroako Gobernuko diru laguntza desagertu ziren eta Irratia mututu behar izan genuen. Bazkidetza kanpaina bati esker baita dirulaguntzak berriz jasotzen hasi izanak uhinak berriz dantzan jarri al izan genituen. 2018ko urriaz geroztik 24 orduz online entzun daiteke www.guaixe.eus webgunean eta astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:00etara zuzeneko Egun on Sakana saioa eskaintzen da, saio horretako azken tartea hiru irratiren arteko solasaldia delarik (Karrape irratia, Aralar irratia eta BELEIXE IRRATIA) eta honen errepikapena 14:00etan egiten da.

2024.ko maiatzaren 3an BELEIXE IRRATIAK 25 urte bete zituen bazkide eta lagunartean egindako bazkari baten bueltan ospatuz. Guaixe Fundazioaren irudia eta marka berritzearekin batera, irratiak bere bidea aurrera darrai marka berri honen babesean.

Etapa berria hasten da beraz irratiarentzat. Egunero zuzeneko saioa entzungai FM 107,3-ean 10:00etatik 12:00etara eta guaixe.eus-en, nahieran.