Eskolen eraikinaz herri galdeketa eginen da

Guaixe 2021ko mar. 23a, 10:02
Bakaikuko eskolak hartu zituen eraikina.

Aste Santu ondoren dauden proposamenen alde on eta txarrak azalduko dituzte auzoka eta, uda aurretik, herri galdeketa egin nahi du Bakaikuko Udalak. Auzolanari buruzko ordenantza aurki onartuko du udalak.

Bakaikuko Estrategia Planaren jarraipen bilera egin zen larunbatean. Bertan Bakaikuko Udaleko ordezkariek jakinarazi zuten, dagoeneko auzolana arautzeko ordenantza idatzia dutela. Hala ere, udal bilkuran onartu aurretik bakaikuarren artean banatuko da eta hilaren 26ra arte jendeak hura kontsultatu eta zalantzak argitzeko aukera izanen du partehartzea@bakaiku.eus e-postaren edo 622 268 161 telefonoaren bidez. Ekhi Etxeberria Kaiuela zinegotziak azaldu duenez, “parte hartze prozesuan erabaki zena idazterakoan sortzen diren zalantzak argitzeko izanen da epe hori”. Udalak ordenantza hilaren akaberan onartuko du. Ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta hilabeteko epean alegazioak egiteko epea izanen da. Halakorik ez badago, epea pasata, behin betiko onartuko da. 

Ikastetxea zena
Eskolen eraikinean Bakaikuko Estrategia Planean jasotako hiru lehentasunetako bat da. Hura bota eta eraikin berria jaso edo dagoen eraikina zaharberritzea. Bi aukera horiek dituzte mahai gainean eta bakaikuarrek erabakia herri galdeketa bidez hartu nahi dute uda aurretik. Horregatik, galdera zein izanen litzatekeen aztertzen egon ziren.

Etxeberriak azaldu digunez, eraikin berria aukeratuko balitz solairu bakarreko eraikina litzateke ludoteka eta gaztetxokoa eta erabilera anitzeko gela lituzkeena. Eraberritzea aukeratuko balitz ere, beheko solairuan ludoteka eta gaztetxokoa eta erabilera anitzeko gela leudeke eta goiko solairua hutsik utziko litzateke (diru kontuengatik). Hala ere, galdeketaren aurretik “proposamen bakoitzaren alde on eta txarrak auzoka azalduko ditugu”, esan du zinegotziak, hori Aste Santu ondoren izanen dela gaineratuz. 

Bestalde, udal ordezkariek etxebizitzari buruz zabaldutako inkestak 27 bakaikuarrek erantzun zituztela jakinarazi zuten. “Lantaldea haiek aztertuko ditu, bestetik, dauden erronkak aztertu genituen”, esan du zinegotziak. Azkenik, bakaikuarren artean jakina da herriko denda urte akaberan itxiko duela. Batzartutakoek argi zuten herrian denda egotea beharrezkoa dela eta horren alde eginen dute. Zerbitzua mantentzeko zenbait ideia eman zituzten bakaikuarrek, ekonomatoarena barne.