Iturriak konpondu eta txukuntzeko auzolana

Guaixe 2022ko api. 8a, 14:36
Bakaikuko anbeiko iturria eta garbitokia. ARTXIBOA

Mailusa larrainean, Bideberrialde eta Elizazpi kalean dauden iturriak eta garbitokiak txukunduko dituzte bakaikuarrek auzolanean bihar. Haien zurajea mantendu, teiladura txukundu eta paretak margotuko dituzte. Ordenantza onartu zenetik deitu den aurreneko auzolana da.

Bakaikuarrei auzolanerako deia egin die udalak. Berritasuna da parte hartze prozesuaren bidez onartutako auzolan ordenantzarekin udalak egiten duen estreinako deialdia dela. Izan ere, 2030 Bakaikuko plan estrategikoa 2019an onartu zuten bakaikuarrek eta hiru lehentasun markatu zituzten: etxebizitza, eskolen eraikina eta auzolana. Azken gai horri buruzko parte hartze prozesua 2019ko otsaila akaberan abiarazi eta garilaren 21eko herri galdeketarekin despeditu zuten. Baimen guztiak eskuratu ondoren, eta pandemiak eragindako osasun egoeragatik nahi baino gehiago atzeratuta, bihar ekinen diote auzolanari bakaikuarrek. 

Aurreneko auzolanerako deialdia eginda, hura egitea erabaki duten bakaikuarrek larunbatean, 08:30ean dute hitzordua udaletxeko atean. Han lanen banaketa eta lan taldeak osatuko dituzte. Egitekoen artean daude iturrietako teilatuak garbitu, zura lixatu eta berniza eman, paretak margotzea eta harria garbitzea. Lan horiek egiteko udalak beharrezko materiala auzolangileen eskura jarriko du. Baina bakarren batek etxetik bere tresna eraman nahi badu, horretarako aukera izanen du. Goizean zehar 20 bat minutuko atsedenaldia eginen dute eta gosaria jasoko dute. Auzolana despeditu baino hamar minutu lehenago egitekoak gelditu eta erremintak eta bestelakoak jaso eta garbitzeko erabiliko dira. 

Ezaugarriak 
Ordenantzan bakaikuarrek auzolanaren ezaugarri nagusiak zehaztu dituzte. Batetik, auzolantzat hartuko dute Bakaikuren gizarte, ekonomia eta kultur garapenari mesede egiten dion prestazio prestazio pertsonal guztiak. 18 eta 55 urte arteko bakaikuarrek  urtean auzolan bat egin beharko dute. Beraiek ezin badute egin haien ordez auzolana eginen duen ordezko bat bidaltzea posible izanen da. Hala egin nahi dutenek aldez aurretik udalari jakinarazi beharko diote, eta berak izanen du erabakitzeko eskumena. Urteko auzolana egiten ez duenak isuna jasoko du. 

Auzolanaren iraupenari dagokionez, herriaren aldeko bost orduko lana egin beharko dute bakaikuarrek. Hala ere, prestazio pertsonal berezitzat hartuko dituzte kultur, gizarte eta bestelako lantaldeak. Auzolanera joan behar duten bakaikuarrek udalari aldez aurretik jakinarazi behar diote lanera joanen direla: auzolana egin baino 48 ordu lehenagorako jakin behar du udalak zeinek eginen dituen lanak. Joan behar ez duenak 72 ordu lehenago jakinarazi beharko dio udalari ez dela joanen. 

Bestalde, ordenantzak aukera ematen die bakaikuarrei beraiek auzolan bezala ulertu ditzaketen lanak zein diren. Edota beraien kabuz egin ditzaketenak proposa diezaiokete udalari. Horretarako, idatzi bat aurkeztu edota udaletxeko idazkaritzara jo dezakete zehaztapenak ematera: data, erremintaren bat beharko duen, eta bestelakoak zehaztuz. Hala ere, auzolan horien onarpena udalaren esku geldituko da, eta udala izanen da proposatutako egunen artean, data zehatza erabakiko duena.