Idoia Resano Igoa kontzeju buruak Herri Berritze planaren bidez lau inbertsio egitea aurreikusten dutela jakinarazi du. Alde batetik, gaur egun Ittur aldea frontoian dauden argiak LED argiekin ordezkatuko dituzte. Resanok azaldu duenez, “gaur egun pilotalekua itxita dago, dorrobarrek bakarrik erabil dezakete. Argia jartzeko ordaintzeko makina dago eta erabiltzaile batzuk ez pagatzeagatik hautsi egiten zuten. Giltza auzoan dago nahi dutenek erabiltzeko”. Bestalde, frontoian bertan kirola praktikatzeko tresnekin armairu bat jartzeko asmoa dutela azaldu du: “komunitate kaxoi horretan erraketak, palak eta beste egonen dira. Espero dugu erabilera arduratsua eginen dela”.
Pilotalekuaren eta elkartearen artean berdegunea dago. Eguraldi onarekin dorrobarrak han biltzen dira. Horregatik, Dorraoko Kontzejuak han askaldegia edo merenderoa jarriko du. Bi barbakoa eta bost mahai jarriko ditu, dagozkion aulkiekin. Frontoiko sarreraren ondoan, bestalde, haurrendako jolas parkea dago. Resanok azaldu duenez hura berrituko dute. Batetik, haurrendako modulu berria jarriko dute, bestetik, adinduek ariketa egiteko modulua jarriko dute eta, azkenik, parkea handitu eta haizea kentzeko plakak jarriko dituzte.
Hori guztia egin ondoren 60.000 eurotik dirua geldituko balitz, Dorraoko Kontzejuaren asmoa pistak konpontzea litzateke. Resanok azaldu duenez, hiru dira konpontzeko begiz jota dituzten bideak. Bata frontoia eta eliza lotzen dituen Igokoko bidea da, hondakin bilketako kamioiek erabiltzen dutena. Bestea dermioko bidea da, Unanuko beste bide batekin at egiten duena. “Elizatik abiatzen den bide hori jendeak paseatzeko erabiltzen du. Eta abeltzainek ere. Nahiko hondatuta dago”. Azkena Korosoko bidea da, herritik Beriain magalean gora egiten duena.