Astelehenean Etxarri Aranazko Udalak herriko Sufrimenduaren Mapa aurkeztu ondoren, dokumentua Nafarroako Parlamentuan hizketagai izan zen asteartean. PPko Ana Beltranek eskatuta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo Parlamentura joan zen. Kontseilariak argitu zuen txostenaren zirriborroa zuela eta gainontzeko parlamentarioek, EH Bildukoak ezik, ez zutela.
Beltran popularrak esan zuenez, udalaren lanak "biktimak eta borreroak parekatzen ditu". Jesus Ulaiar eta Vicente Nazabalez ari zen. Gobernuaren diru-laguntzak "hilketen eta zitalkerien kontakizuna txuritzeko, perbertitzeko eta distortsionatzeko" balio dutela gaineratu zuen. Udalak egindakoa "zitalkeria barkaezina da ETAko biktimen memoriarendako iraina da, bereziki Jesus Ulaiarrena". ETAko beste biktima baten hiltzailea ere ageri zela gaineratu zuen. Gobernuak udalari diru-laguntza bueltatzeko eta udalak txostena erretiratzeko eskatu zuen Beltranek.
Beste alderdien iritzia
Iñaki Iriartek (UPN) "gaia kezkagarria" dela esan zuen eta txostenarekin "zantzu okerrenak bete" zirela. "Denek zintzoak izan behar dugu eta giza eskubideen urraketa bat bera ere ezin da alde batera utzi. Baina horrek ezin du ekarri hau gatazka politikoa dela esatea, Euskal Herriak gehien sufritu zuela eta errealitatea faltsutzen duen oinazearen mapa egitea". Ulaiar eta Nazabal zaku berean sartzea "iraganaren manipulaziotzat" jo zuen. Bestetik, lanaren egile den Euskal Memoria fundazioaren kontra ere jo zuen. Ezker abertzaleko kideek osatua dela eta halako lan bat egiteko ez zuela konfiantzarik ematen.
Virginia Alemanek (Geroa Bai) "zilegitasun gabeko biolentzien biktimekin memoria jakituna" izan behar dela aldarrikatu zuen. Biktima guztiak kontuan izan behar direla aldarrikatu zuen. Beltrani zuzenduta, "gertuko memoriari buruz, halako jarrerekin, hitzekin eta akusazioekin ez da ezer eraikitzen". Txostenaz zekienez, "pairatu diren sufrimenduaz hitz egiten du, ez ditu biktimak berdintzen". Biktimekin "politika alderdikoia egiteari uzteko" eskatu zuen.
Bakartxo Ruizek (EH Bildu) udala zoriondu zuen: "pauso ausarta da. Borondatea adierazi du etxarriarrei bakean eta elkarbizitzan pausoak emateko tresna bat eskaintzeko". Lanaren aitzindaritza aitortu zuen. "Kontakizun, pentsamendu eta sufrimendu bakarra etengabe agerian jarri nahi duzuenondako deserosoa izatea ulergarria da. Tamalez errealitatea hori da: Etxarrin mota askotako indarkeria eta sufrimendua pairatu duen herritarrak daude". Euskal Memoria fundazioa bazkide gehien duen Nafarroako memoria elkartea dela eta Nafarroako Historia Memoriaren aholku batzordean parte hartzen duela gogorarazi zuen.
Laura Perezek (Ahal Dugu) Ulaiarri omenaldia egitea egoki jo zuen. PPri zuzenduta "biktima batzuk besteekin kontra jartzea adiskidetzearen kontra" egiten duela gaztigatu zuen. "Etxarrin, familietan eta gizartean zabalik dagoen zauri batean behatza sartzea" egotzi zien popularrei. Egindako txostenen garrantzia nabarmen du zuen. "Herri honen drama handia da borrero gisa biktima ere izan direnak ager daitezkeela". Gaineratu zuenez, "herriek, pertsonek, eta Etxarri horren adibide da, bizitzen segitzeko barkamena behar dute".
Inma Juriorendako (PSN) gobernuaren ardura beharko lukeela memoria mapak egitea eta udalak hari batu beharko luketela uste du. Juriok esan zuenez, "gatazka politiko gisa hitz egiten duenean objektibitatea galdu egiten da". Eraiki nahiko lukeen memoriaren abiapuntua da"ekintzen ilegitimitatea zein kausek eragin zuten. Zer eragin zuen pertsona batzuk biktimak izatea eta bakoitza bere arloan aitortzea. Ez irakurketa bakarra, giza eskubideetan oinarrituta". Bereizketarik gabe biktima guztiak aitortzea akatsa dela gaztigatu zuen.
Marisa Simonek (I-E) esan zuen memoria ez dela zerbait isolatua, justizia, aitortza eta erreparazioa ere badela. Gobernuari arlo horretan lidergoa aitortu zion. Txostenak departamentuaren helburuekin bat egiten duen aztertu behar duela gaineratu zuen. "Gainditzea ahaztu gabe, ezagutu eta jakin".
Kontseilariaren erantzuna
Ollok azaldu zuen lana ez zela gobernuarena eta Etxarriko Udalak bake eta bizikidetza esparruaren barruan egiten ari den lanaren zati dela gaztigatu zuen. "Gobernuari ez dagokio txosten horren edukia baloratzea. Ez gobernu honi ez udalei ez dagokie esatea zein den biktima. Aitortza duten terrorismo biktimak salbu". Ollok gogora ekarri zuen biktima batzuk ezin direla aitortu funtzionario publiko edota eskuin muturreko biktimak aitortzeko legeari Espainiako Gobernuak helegitea jarri ziolako. "Kontakizunaren garrantzia, iraganarekin kritikoan den memoria lantzea, biktimologiak testuingurutan lan egitea eta biktimak ez parekatzearen" garrantzitsua nabarmendu zuen. Udalek arlo horretan ardura izatearen alde agertu zen.
Nafarroako Gobernuaren bake eta bizikidetza politika publikoaren ardatzak azaldu zituen: memoriaren beharra eta biktimen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea. Beltrani eskatu zion, "biktimen auzian zuhurrago jokatzeko" eskatu zion.