Udalak militarren ariketak salatu ditu

Guaixe 2018ko api. 20a, 10:31
Argazkia: UTZITAKOA

Udal Espainiako armadari eskatu dio "gure eremutik kanpo atera ditzala unitate eta konpainia militar guztiak"

Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi duenez, "egun hauetan ariketa militarrak egiten ari dira Sakanan eta herri erdigunetik unitate batzuk pasa dira, Aralar aldera". Bestetik, asteartea goizean Lizarragako portutik Beriainera militarrek "martxa taktikoa" eginen duela jakin dute udalean eta hartan 80 militarrez osatutako konpainia batek parte hartuko duela. "Jakina da mugimendu militar horiek gure herritarren artean ezinegona eta kezka sortzen dutela. Etxarriarrok bizikidetza sustatu nahi dugu, eta agerraldi militar eta erakustaldi armatuak ez du helburu horietan batere laguntzen".

Udaletik adierazi dutenez, "gure herrietan ez dugu martxa, maniobra edo gerrarako probak egiterik nahi, gizarte baketsu eta desmilitarizatu eredu baten alde lanean ari garelako." Militarren ariketak "inolako segurtasun-protokolorik nahiz segurtasun-neurririk gabekoak izatea" salatu du. Armadari "gure eremutik kanpo unitateak ateratzea" eskatu dio.

Joan den urtea militarrak Sakanan hirutan izan ziren gutxienez: ilbeltzaren 17an soldadu talde bat Altsasutik abiatu zen militar ariketak egitera; otsailaren 15ean, berriz, 20 soldaduk Sakana erdialdetik Urbasa-Andiarantz joko zutela jakinarazi zuen Nafarroako Militar Komandantziak eta maiatzaren 31n Espainiako armadako 20 bat militar eta hainbat ibilgailu Ondatz eta Beriain inguruan ibili ziren “ohiko maniobrak” egiten.

Erlazionatuak

Ariketa militarrak

Guaixe 2017 urt 17 Altsasu