"Neskak pilotan aritzera animatuko nituzke. Giroa oso ona da eta emakumezkoen pilota goraka doa"

Maider Betelu Ganboa 2019ko eka. 28a, 10:22

Asteburu honetan Valladolideko Iscarren dabil Udane Vergara pilotari altsasuarra, Nafarroako selekzioarekin Espainiako Txapelketetan parte hartzen.

Altsasuko Pilotajauku klubean duela 10 hilabete hasi zen pilotan trebatzen Udane Vergara Mundiñano altsasuarra. Duela hiru hilabete Nafarroako Pilota Federaziotik hautatu zuten, GRABNI txapelketan eta beste hainbat txapelketan Nafarroako selekzioarekin aritzeko. Asteburu honetan Espainiako Txapelketetan Nafarroa ordezkatuko du Iscarren, eta hurrengoan Emakume Master Cup San Fermin torneoko finalerdiak jokatuko ditu.

Urtetan emakumeak pilotaka aritu izan dira, baina badirudi emakumezkoen pilota berpizten ari dela.
Aurten emakumeen pilotak gora egin du, hori egia da. Klubek eta federazioek apustu handia egin dute eta gora egin dugu emakumeok.

Noiz hasi zinen pilotan?
16 urte ditut. Orain arte futbolean nenbilen, baina duela urte bat, udan, aitonarekin frontoian esku pilotara jokatzen hasi nintzen eta duela 10 hilabete inguru Altsasuko Pilotajauku klubean hasi nintzen pilotan trebatzen, Lander Goñi entrenatzailearekin. Nafarroako Pilota Federaziotik duela hiru hilabete deitu ninduten, Nafarroako selekzioarekin aritzeko, eta ordutik astero lau entrenamendu ditut Labriten, selekzioarekin, Andrea entrenatzailearekin, eta futbola uztea erabaki nuen. Une honetan bi klubak tartekatzen ditut, Pilotajauku eta Nafarroako selekzioa. Jubeniletan hasi behar naiz baina Emakume Master Cup San Fermin Torneoan 2. mailan jokatuko dut, 18 urtez azpikoan.

Beraz, Nafarroako Federaziorako hainbat txapelketatan aritzen zara.
Bai. Asteburu honetan Espainiako Txapelketak jokatuko dira eta ni Nafarroako selekzioarekin ariko naiz. Ostegunetik igandera goaz Valladolidera, Iscarrera, aipatu txapelketetara. Hiru sakandar goaz Nafarroa ordezkatzera. Ni eskuz binaka ariko naiz, Olatz Ruiz de Larramendi Eulatekoarekin bikotea osatuta. Gure multzoan, Errioxa, Gaztela Mancha eta Kataluniako selekzioak ditugu, Nafarroarekin batera, eta hasieran kanporaketak jokatuko ditugu. Igandean jokatuko dira final guztiak. Gizonezkoetan, Xabi Lakuntza arbizuarra haurren mailan ariko da, buruz burukoan. Eta Azpiroz irurtzundarrak kadeteetan jokatuko du, buruz burukoan.

A ze esperientzia polita!
Bai, sekulako gogoak ditut joateko. Ongi ikusten dut gure burua, emakumezkoetan uste dut Nafarroako ordezkariek irabazteko aukerak ditugula. Ea txapela ekartzerik dugun. Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioek jokatzen duten GRABNI txapelketa ezagunean Nafarroarendako txapela irabazi genuen, duela hilabete bat, Iparraldean jokatutako finalean, eta ea asteburuan Iscarren txapela lortzerik dugun.

10 hilabete daramatzazu pilotan eta jada txapela bat buruan...
Orduak emanda, posible da. Aurrelaria naiz, baina batzuetan atzelari ere ibili izan naiz; bietan jokatzen dut.

Astelehenean Iruñean aurkeztu zuten Emakume Master Cup Sanfermin Torneoan ere ariko zara.
Bai, sekulako ilusioa ematen dit. 8 bikote ariko gara, 4 bikote 18 urtez azpikoetan eta beste 4 nagusietan. Ni 18 urtez azpikoan ariko naiz, Garazi Lasarekin bikotea osatuta. Garazi Lasa ere asteburu honetan Iscarren ariko da, beste bikote batekin, baina Sanfermin torneoan elkarrekin ariko gara. Uztailaren lehenengo asteburuan, uztailaren 6an edo 7an, Lizarran, Olatz Ruiz de Larramendiren eta Eider Salbideren kontra ariko gara ni eta Garazi, finalerdietan.

Bai, eta bikote irabazlea uztailaren 13an Labriten eguerdian jokatuko den Emakume Master Cup Sanfermin Torneoko finalerako sailkatuko da. Nola ikusten duzu?
Zaila izango da, Olatz Nafarroako txapelduna delako. Ondo ezagutzen dut, ordu asko eman ditugu Labriten elkarrekin. Estrategia? Ezkerrera botatzen jokatuko diot, eta aurrean dejadak egiten saiatuko naiz. Bera altua denez, gehiago kostatzen zaio. Baina oso konplikatua izango da.

Pilotaren mundu hau, emakumezkoena, gutxika gora doa, bidea egiten ari da, bereziki Nafarroan. Master Cupean 16 pilotarietatik 13 nafarrak dira.
Bai. Iscarrera Euskal Herritik bakarrik Nafarroako selekzioa aurkeztu da. Nire ustez Nafarroako Pilota Federazioa lan handia egiten ari da emakumezkoen pilota sustatzeko. Araban bakarrik neska bat dago, baina Gipuzkoan ere gora egiten ari dira emakume pilotariak. Federazioek serio hartu dute emakumezkoen pilota, Nafarroako federazioak bereziki. Hasiera batean neskak palan hasi ziren jokatzen, eta gutxika esku pilotara egin dute salto.

Futbola uztea kostako zitzaizun...
Bai, azkenean 8 urte neramatzan eta izugarri gustuko dut futbola, baina pilotarekin hasi nintzenetik argi ikusi nuen pilotarekin jarraitu nahi nuela. Edonola ere, hurrengo ikasturtean Iruñean ikasiko dut, eta zailagoa egingo zitzaidan Altsasura futbolera etortzea; aldiz, hobeto etorriko zait Iruñean egotea Labriteko entrenamenduak egiteko. Orain Iruñean zein klubetan ariko naizen aukeratu behar dut. Bi aukera ditut, Oberena edo Uharte, baina ziurrenik Oberenara joango naiz, besteak beste Maite Ruiz de Larramendi han dabilelako entrenatzen... ikusiko dut.

Neskak pilotan aritzera animatuko zenituzke?
Bai, orain gora egiteko aukera dago. Sakanan, nik dakidala, Pilotajaukun trebatu daitezke neskak, Altsasun, eta Iruñean asko mugitzen ari da emakumezkoen pilota. Nik animatuko nituzke, giroa oso ona da, eta gustura ibiltzen gara. Emakumezkoen pilota goraka doa: Iscarreko txapelketa telebistan emango dute, Laligapromesas, Canal +-ean. Mundu osotik ikusi ahalko da.