"Ondarra oso maila handiko konpositorea zen"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko urr. 11a, 13:32
Igor Ijurra Iruñeko Orfeoiaren zuzendaria kontzertu batean. UTZITAKOA

Lorenzo Ondarra bakaikuarraren musika korlari buruzko hitzaldia eman zuen Igor Ijurra Iruñeko Orfeoiaren zuzendari etxarriarrak

Iruñeko Orfeoiaren zuzendaria da Igor Ijurra etxarriarra. Lorenzo Ondarraren lanaren jakitun handia da ere. Hortaz, aurreko astean Lorenzo Ondarraren musika kolararen inguruko hitzaldia eman zuen Iruñean. Izan ere, Iruñeko Orfeoiak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak denboraldiaren hasiera egin zuten atzo, eta konpositore bakaikuarraren Te Deum lanarekin egin zuten. Gaur kontzertua errepikatu dute ere, 20:00etan, Baluarten.

Zergatik Lorenzo Ondarra?
Arrazoi anitz egon daitezke. Nire aldetik musika koralean hasi nintzenean, 19 urte nituen, Etxarri Aranazko abesbatza zuzentzen, gure euskal konpositore eta gure musika lantzeko hautua hartu nuen; bereziki, nafarrak eta sakandarrak. Sakana eman dizkigu musikari oso handiak: XIX. mendean Felipi Gorriti, Euskal Herriko konpositorerik ospetsuenetarikoa, eta XX. mendean Lorenzo Ondarra bakaikuarra (1931-2012). Iruñeko Orfeoian orain eta aurretik beste abesbatzetan egon naizenean ildo beretik jarraitu eta borrokatu dut hemengo proposamenak egiten. Lehen ez zidaten jaramonik egiten, baina azken urtetan ohartu dira guk ez badugu gure musika egiten eta interpretatzen nork egingo du? Hortaz, nik ildo beretik jarraitzen dut. Ondarra ez bakarrik nafarra, sakandarra, bakaikuarra delako, baizik eta oso maila handiko konpositore handia zelako. Baina gizon umila zen, eta berak ez zuen fama bilatzen, nolabait esateko. 

Musikarekin erakusten zuen dena. 
Gizon umila zen. Kaputxinoa zen eta beti aipatzen zuen musikari izan aurretik kristaua eta fraide kaputxinoa zela. Ezagutzen zutenek esaten dute umila eta lotsatia zela, baina talentu handikoa. Zirikatu behar zitzaion obrak sortzeko. Konfiantza jarri zuen hiru edo lau zuzendarirengan: Jose Luis Ansorena Errenteriako Andra Mari Abesbatzako zuzendaria, Fermin Iriarte Iruñeko San Fermin Abesbatzakoa eta hirugarrena ni neu izan nintzen. Urte batzuk geroago Etxarri Aranazko Abesbatzan nengoela obra batzuk eskatu nizkion. Berak ere Etxarriko abesbatzan eta Iruñeko Orfeoian pentsatzen zenbait obra egin zituen. Obra horiek Eresbil euskal konpositoreen artxibora bidaltzen zituen, baina ez zien inori gehiago bidaltzen. Azken urteetan konpositoreek bere lana erakusteko ikastaroak eta tailerrak egiten dituzte, baina berak ez zituen holakorik egiten eta galera ekarri zion. Gainera, musika koralean musika samurra egiten da, ez dadila oso zaila izan. Moda bat dago. Eta Ondarrak bere ildotik jarraitzen zuen. Kantagarria da, baina 1960 eta 1980 bitarteko hamarkadetan atzerrian egindako ikastaro abangoardistaren eraginez bere musikari ematen zion gehien ez zuten xarma berezia. Zailtasun pittin hori koruendako ez da hain samurra, eta zuzendariak ere beldurtzen dira. Oso musikari errespetatua da, baina ez bere kalitateak eskatzen duen bezain interpretatuta. 

Eta zergatik egin bere musika koralaren inguruko hitzaldia?
Bere ekoizpenaren % 80 musika korala da. Berak, Espainiako Musika Saria jaso zuen 1969. urtean Dialogos izeneko obra baten konposizioagatik. Espainia mailan ematen den saririk garrantzitsuena da. Sakanan baditugu bi konpositore jaso dutenak: Agustin Gonzalez Azilu altsasuarra eta Lorenzo Ondarra. Sakana txikia da, baina gerra handia ematen dugu. Ondarrak musika sinfonikoa eta abangoardista egin nahi zuen, baina aitak Altsasun gelditu behar zela esan zion eta bera oso zintzoa zenez, frantsesa, marrazketa eta organoa jotzen zuen. Bi urtetan ez zuen ezer konposatu, baina 1973an Jose Luis Ansorenak zirikatu zion eta obra bat egiteko eskatu zion eta horrek musika koralaren bide horretatik markatu zion. Hitzaldi honekin aipatu nahi nuen bere ekoizpena izugarria dela, eta bi arlo daudela: musika sakroa edo sakratua latinez, euskaraz edo gaztelaniaz eta musika abangoardista, eta, bestetik, euskal doinu herrikoien harmonizazioa. Doinu herrikoien korurako moldaketan hoberenetarikoa izan da Ondarra eta bere lana balorean jarri behar da. Jendeak ezagutu dezala, bereziki sakandarren artean, izan ere, bailaran gauza asko ditugu, baita musika korala ere. Dena ez da musika pop edo rock. Musika korala gehiago kostatzen zaigu azaleratzea. 

Baina Sakanan abesbatzen tradizioa badago. 
Bai. Eta Haize Berriak banda dugu ere, Etxarrin duela 100 urte sortutako banda zegoen ere, duela 40 bat urte desegin zena eta Olaztin ere bazegoen. Sakana eskualde musikala da. Musika eskolak ere badaude. Baina garaiak aldatzen dira eta gaur egun pop musikak sekulako indarra du eta badirudi besterik ez duela existitzen eta talka egin behar dutela estiloek. Baina niri rock musika izugarri gustatzen zait, eta ez du zertan musika korala gustatzearekin talkarik egin behar, uztartu daitezke. Hori da gure erronka, nola iritsi. 

Zergatik entzun behar du jendeak musika korala?
Musika entzun behar da. Pertsona bati galdetzen diozunean liburu bat zer iruditu zaion iritzia ematen dute. Jendeak ez du literaturari buruz hitz egiteko. Baita antzezlan bati buruz hitz egiteko ere. Baina musikarekin, musika klasikoarekin bereziki, jendeak dio ez dakiela. Badago horrelako lotsa edo errezeltxo bat beldurra ematen duela musika klasikoa entzutera joatea, ez dutela ulertuko pentsatzen dutelako. Baina musika entzun behar da. Beraz, nik animatzen dut jendea. Gainera, autokritikoa naiz eta uste dut gure formatuak ere ez direla horren modernoak edo ez dakit. 

Formatu dotoreegia, agian?
Zerbait badago. Musika hau entzuteko lasaitasun bat behar du, eta beharbada zailtasun gehiago daude. Baina janaria bezala da. Hau ez dut gustuko esan aurretik, frogatu eta gero esango duzu gustatzen zaizun edo ez. Gainera, gaur egun, musika klasikoko kontzertu gehienak pop kontzertuak baina merkeagoak dira. 15 euroko prezioagatik 2 orduko kontzertu bat entzun daiteke, astero, Baluarten. Operak pixka bat garestiagoak dira. 

Ondarraren lana ezagutarazi nahi duzu, eta Te Deum lanarekin hasi duzue denboraldia. Nolako obra da? 
Ondarra kaputxinoa izanik, kaputxinoak probintziatan elkartzen dira, eta 2000. urtean Nafarroa, Aragoi eta Kantabriako probintziaren mendeurrena zen eta koruarendako obra bat sortzea eskatu zioten. Berak zerbait handiagoa egin zuen. 20 minutuko obra bat da, orkestra handiarekin eta abesbatzarekin batera jotzeko. Musikaste Euskal Musikaren astean mustu zuen urte bat lehenago. Ondoren, Iruñean eta Zaragozan jo zuten ere. Baina ez da inoiz orkestra handi baten denboraldiaren barruan egin. Gainera, oraingoan denboraldiaren hasiera da. Hasierako kantua. Horrek esan nahi du obra toki garrantzitsuan jartzen duela. Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari berria den Manuel Hernandez Silva venezuelarrak aintzat hartu du bertako konpositoreen eta musikarien bultzatzaile izan behar dutela. Eta horrek asko pozten nau. 

Nola landu duzue lana?
Obra hau egin zenetik ezagutzen dut. Errenterian mustu eta hurrengo urtean Iruñean interpretatu zenean Etxarriko Abesbatzak kontzertu horretan parte hartu zuen. Aspaldidanik Orfeoiarekin egin nahi nuen. Lorenzo Ondarra txikitatik ezagutzen nuen, bere iloba batekin ezkonduta nago eta nire ama Bakaikun ondarratarren aldamenekoa zen. Beraz, musikatik kanpo ere harremana nuen, eta berak duela hamar urte bere obra guztiaren kopia bat eman zidan bazekielako ni zalea nintzela. Gizon umila eta isila zen, baina bazekien nik bere lanarekin zerbait egingo nuela. Beraz, ni bere musika egin ahal izan dudan guztietan egin dut, eta ondo ezagutzen dut. Ez da obra erraza. Delikatua da, baditu afinazioaren aldetik une zailak, baina oso entzugarria da. Musika gregorianoa hartzen du oinarri bezala. 

Nola dator denboraldia?
Azaroan Iruñeko Orfeoia Valentziara goaz Valentziako Orkestrarekin Beethoven-en 9. sinfonia abesteko. Gainera, gero kontzertu txiki gehiago ditugu, baina abenduaren 21ean egingo dugu kontzertu oso ederra aipatuko nuke. Lehenengo zatian erromantizismo alemaniarra oinarri izango du eta bigarrenean Catulli Carmina izango da. Catulo erromatar idazle klasikoaren testu batzuk irakurriko dira ere. Orduan, XIX. mendeko hitz izango ditugu lehenengo zatian, eta bigarren zatian XX. mendeko musika baina duela hogei mendeko hitzekin, gaurkotasunik galdu ez dutenak. Perkusio musika eta erritmoduna izango da. San Petersburgora joango gara ere. Eta, aurretik, urriaren 26an, La Pamplonesaren mendeurrenaren ospakizunean parte hartuko dugu ere, Nafarroa Arenan. 

Erlazionatuak