Garai bateko bizimodua, toki izenak, ekonomia jardunak, pertsonen edo herrien arteko liskarrak, ezkontza kontratuak, ospakizunak, gerren arrastoa, herri lanak, elizen eraikuntza, harrobiak, zergak, otsoak, uharkak… Horretaz guztiaz eta askozaz gehiagoz informazioa irakur daiteke Documenta Navarra blogean, Rafael Carasatorre Vidaurre historialari etxarriarraren historia blogean. Haren bidez Carasatorrek bere ikerketak eta historia agirien transkripzio baliotsuak guztion eskura jartzen ditu, zabalkunde lan aparta eginez.
Lastailaren 20an jakinarazi zuen bere historia zabalkunde lanak hamar urte bete dituela. Denbora tarte horretan blogak 372.500 bisita inguru izan ditu. Carasatorrek berak jakinarazi duenez, “aurreikusitakoaren erdia” ia egina du. Jakinarazpenarekin batera, ikerlari etxarriarrak eskerrak eman dizkie babesa eman eta kritika eraikigarria egin diotenei. Eskerrak eman dizkienen artean Iker Etxarri Carasatorre iloba dago, bloga kudeatzen laguntzeagatik. Eskerrak eman dizkie elkarlanagatik Jose Luis Turrillasi eta Fundación Navarra Culturalgo Alfonso Rinconi, eta aholkuengatik Gerardo Uharte Ilarrazi.
Interneteko atariaren bidez Nafarroa guztiko informazioa zabaltzen ari da Carasatorre, eta Sakanakoa oso ugaria da. Jakina denez, Sakana ulertzeko ezinbestekoa den Barranca Burunda liburuaren egilea da etxarriarra.
Bibliografia
- Nuestro latín en expresiones y frases. (2018, Fundacion Navarra Cultural).
- Etxarri-Aranatz 1900-1940 (2009, egilearen edizioa).
- Constitución o Fueros (2008, Fundacion Navarra Cultural).
- Navarra Tridentina (2007, Fundacion Navarra Cultural).
- Carrascón (2005, Fundacion Navarra Cultural).
- Glosario Navarro desde una perspectiva histórica de Cintruénigo (2004, Fundacion Navarra Cultural).
- Cuentos Verdaderos de Etxarri Aranatz (egilearen edizioa).
- 1000 páginas de Latín: Expresiones, Frases. Siglas, Abreviaturas, Numerales y más (egilearen edizioa).
- Glosario Navarro (egilearen edizioa).
- Barranca-Burunda (1993, egilearen edizioa).
Elkarlanean egindako lanak - Etxarri Aranazko euskara eta Arañaz elkarteko hiztegia (1995, Altaffaylla); Jose Luis Erdoziarekin eta Eugenio Ulaiarrekin.
- Burunda, topaleku. (1993, Iñigo Aritza ikastola); Angel Perez Miguelekin.