Haragiaren Eraldatze Guneko arduradun eta dinamizatzaile lanpostua betetzeko deialdia

Guaixe 2023ko ira. 6a, 11:23

Eraldaketa gelako lanak despedituta daude. ARTXIBOA

Interesa dutenek curriculumak eta motibazio gutuna bidal ditzakete info@sakanagaratzen.com helbidera. Horretarako epea irailaren 15ean (barne) despedituko da. Hautapen prozesuan sartzen diren pertsonei elkarrizketa edota hautapen proba baterako dei eginen zaie.

Hautaketa prozesuaren bidez aukeratutako langilea Kalaska Kooperatibako zuzendaritzarekin koordinatuta, Etxarri Aranatzen dagoen eskualdeko haragi transformazioko zentroa kudeatu eta  dinamizatuko du, abere sektore estentsiboari, harategiei eta beste erabiltzaile batzuei eskaintzen zaizkien sakrifizio, triperia, hezurgabetze eta zatiketa-zerbitzuak koordinatu eta abian jartzeko.

Egitekoak
Arduradun eta dinamizatzaileak hiru arlotan izanen ditu eginkizunak. Lehenik, ekoizpen atalean. Batetik, Hilketak, zatiketak, landuak eta horiekin lotutako jarduerak (banaketak, logistika, hornidurak, biltegia...) antolatzeaz arduratu beharko du. Bestetik, zatitze eta eraldatuen prozesuak eta triperiaren garbitze prozesua martxan jarri beharko du (lana antolatzea, prozesuak kontrolatzea eta behar bezala etiketatzea, ontziratzea, eta abar). Horrekin batera, kalitatearen kontrola eta hondakinen kudeaketa eramatea, Autokontrol Plana inplementatzea eta Elikagaien osasun eta higieneko irizpideak betetzen direla egiaztatzea eta erregistroak bete beharko ditu. Aldi berean, administrazio eta kudeaketa lanak egin beharko ditu (hilketa parteak, tasa ofizialen likidazioa, albaranak sortzea...) eta, azkenik, laguntza puntuala produkzio lanetan, beharren arabera.

Langilearen beste eginkizun bat dinamizazioarekin eta merkaturatzearekin lotuta dago. Proiektua dinamizatzeko lana eta unean uneko lan komertzialak eta harremanak egitea bezero eta erabiltzaileekin. Azkenik, langile horren azken egitekoa izanen da Kalaska kooperatibako zuzendaritzari hainbat arlotan laguntza eskaintzea: kooperatiba ordezkatzea bere eskumenen esparruan, lanak egiten diren bitartean; kooperatibaren azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko proposamenak egitea eta kudeatzea; produkzio helburuen jarraipena zuzendaritzarekin lankidetzan eta zuzendaritzari laguntzea erabakiak hartzen eta bere estrategia zabaltzen.

Lanpostua eskuratu nahi dutenek honako prestakuntza izan beharko dute: nekazaritzako elikagaien arloko erdi mailako prestakuntza: Lanbide Heziketako elikagaien industriako prozesuak eta kalitatea; Albaitaritza, Nekazaritzako elikagaien eta landa ingurunearen ingeniaritzako gradua (IAMR); Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa; Nekazaritza Ingeniaritza edo antzekoak. 

Gainera, ordenagailuko Office paketea erabiltzen esperientzia izatea eskatzen dute, eta autoendako B gidabaimena. Kontratazioa egitean baloratuko dituzte: esperientzia lanpostuan azaldutako zereginetan, lanposturako prestakuntza edo esperientzia osagarria eta euskara jakitea. Kontratazioa egitean kontuan izanen dituzten gaitasunak dira: talde lana, bezeroarenganako orientazioa, egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna, ekintzailetza eta autonomia, arazoak konpontzea, antolaketa eta plangintza eta komunikazioa.

Langileari eskaintzen zaio kontratu mugagabea proiektu kooperatibo publiko pribatuan, lan hitzarmenaren araberako probaldiarekin. Urteko lanaldia 1.770 ordukoa izanen da eta soldata gordina Lan Hitzarmenaren araberakoa.