Euskarabidearen bidez Etxarriko hitanozko filma nonahi ikusgai dago

Eneida Carreño Mundiñano eta Alfredo Alvaro Igoa 2026ko urtarrilaren 29a

Javier Arakama, Ana Ollo eta Jose Luis Erdozia. NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako Euskararen Mediatekan, mediateka.eus, ikus daiteke, Jose Luis Erdozia Mauleonek utzita. Hizkuntzalari etxarriarrak aurreratu du bigarren film bat eginen dutela. Gainera, Sakanako herrietako toponimia mapak egin ditu. Atlasa eginen du

Etxarri Aranazko hiketaren ezaugarriak eguneroko egoeretan nola erabiltzen ziren erakusteko, Ai, hau pena nik! filma grabatu eta 2024ko azaroaren 16an mustu zuten. Jose Luis Erdozia Mauleon hizkuntzalari etxarriarraren egitasmoa, hainbat herritan erakutsi zuten. Bira bukatuta, sortzaile taldeak erabaki zuen Euskarabideari ematea, bere Mediatekan jartzeko. Euskarabideko arduradunek proposamena onartu zuten. "Gustatu egin zitzaien, batez ere filmaren helburuak: hitanoa berreskuratzea". Lana emateko Erdoziak Euskarabideko kudeatzaile Javier Arakama eta Ana Ollo Hualde lehendakariordearekin hitzarmena sinatu zuen ilbeltzaren 9an. Euskarabidearen Mediatekan bost urtez ikusgai izanen da Erdoziaren filma. Epe hori pasata, etxarriarrak kontrakorik esaten ez badu, beste bost urtez ikusgai izanen da.

Filmean aritutako aktoreekin eguberrien aurretik elkartu zen Erdozia. Aurten bigarren film bat grabatuko dutela aurreratu du hizkuntzalariak. "Ez dakit trilogia izatera helduko den". Filmaren grabazioa udaberrian eginen dute.

Toki izenak 
Jose Maria Jimeno Juriok eta Tracasa enpresa publikoak Nafarroako toponimia guztia hainbat liburutan jaso zuten, Nafarroa Toponimia eta Mapagintza bilduman, 90eko hamarkadan. Sakanakoak bost liburutan jaso zituzten, VIII, IX, X, XII eta XIII zenbakietan zehazki. Erdozia lan hura birpasatzen hasi zen eta "ikusi nuen hemen askoz ere toponimo gehiago genituela, toponimia ofizial horretan ez zeudenak". Herritik herrira aldea nabari da: "Irurtzunen toki izen asko galdu dira. Berriz, Zuhatzu, Ekai, Satrustegi, Ihabar... ia orain arte nekazari edo abeltzain izan diren herrietan asko mantendu dira". Ondorioz, hizkuntzalaria Sakanako herrietan informatzaile sare bat sortzen hasi zen. Aldi berean, Erdozia Etxarri Aranazko Udaberri elkartean adindu etxarriarrekin eta basoan ibilitakoekin elkartzen hasi zen. "Topaketa haietan ikusten zen toponimia ofizialean jasotakoak baino askoz ere toki izen gehiago zeudela Etxarrin".

Toponimoak ez direla ezagutzen dio: "Etxarrin jatorrizko edo toponimo nagusiak ia 300 izanen dira. Eta jendeak 20 edo 30 bat ezagutuko ditu. Pena da. Eskerrak jasota daudela. Baina eguneroko bizitzan erabili behar dira. Zeren eta gero eta gazte gehiago basora joaten da, baina ez daki nora joaten den". Jazotakoa kontatu du. "Etxarrin Otxenta toponimoa dugu, otso benta. Sobra ere, garai batean han otsoak egoten ziren. Jendea haraino pasieran joaten zen. Egun batean gehixeago luzatu zuten ibilaldia eta esan zuten: 'gaur, gutxienez, hasta noventa iritsi gara'. Txistea dirudi, baina tristea da toki izenak ez ezagutzea".

Toki izenak ofizialtzerakoan euskara batuari garrantzia gehiago joera izan zen garai batean. Leñube laino behea bihurtuz. Bilkura haietan erabaki zuten: "toponimoa gugana horrela iritsi da eta horrela mantenduko dugu". Esaterako, Txaigorri eta ez txaradi gorri. Berak, Etxarri Aranazko Udalak eta Nafarroako Gobernuak toponimia batzordea osatu zuten. Emaitza Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo. Egungo toponimia ofiziala (2019, Euskarabidea) liburua izan zen. 

Etxarritik Sakanara salto
Eta behin Etxarri Aranazkoa eginda, Erdozia ez zen gelditu eta Arbizu, Ergoiena eta Burundako toponimia berraztertzen hasi zen. "Faustik, emazteak, Idenaren berri eman zidan, Nafarroako Datu Espazialen Azpiegitura (geoportal.navarra.es/eu/idena). Aire argazkiak daude eta zuk nahi duzun Nafarroako zatia aukera dezakezu". Handik irudiak hartu zituen eta haien gainean, zegokien tokian, toponimoak jartzen hasi zen Erdozia. "Pazientzia handiarekin aritu nintzen, ordenagailua ere 'kexatzen' zen, apika halako mapa batean mila toponimo zeudelako".

Horrela herrietako toponimia mapa berritu eta osatuak sortu zituen Erdoziak. Etxarri Aranazko ferietan sorterriko mapa aurkeztu zuen, Arbizuko Txistor Egunean Arbizukoa, Altsasuko ferietan Altsasukoa, Olatzagutikoa eta beste batzuk. Ergoienakoa ere egina du. "Jendeak ikusi ditu mapak. Baina jendeak bakoitzak bere herriko mapak nahi zituen, hori eskatzen zidaten". Lan horri heldu zion eta "oraintxe bukatzen ari naiz", jakinarazi du Erdoziak. Arakilgo toponimia mapak dira despeditzear dituenak. Informatzaileei zirriborroa pasa die eta haien gainean erabakiko dute aldaketarik egin behar ote den.

Asmoak 
Erdoziak jakinarazi duenez, egindako lana argitaratu eginen du: "Etxarrin toponimiarekin bakarrik liburu baterako nahikoa ematen zuen". Arakilen, Lakuntzan, Arbizun eta Ergoienan hizkuntza, etxe izenak (oikonimia) eta toponimia batera eman nahi ditu. "Toponimoetan lehenbizi herrikoek toki izena nola esaten duten idazten dut. Ondoren, non dagoen eta zein toponimo dauzkan ondoan. Gainera, osagaiak eta esanahia ematen ditut. Nahiz eta beti ez den erraza izaten jakitea, eta esanahia erabat ziurra ez dela esanda. Eta, azkenik, dokumentazioa: noiztik eta non agertzen den toki izen hori". Azken horretan lagungarria zaizkio toponimia ofiziala eta Rafael Carasatorre Vidaurreren lan guztiak eta bere documentanavarra.blogspot.com bloga. Hizkuntzalari etxarriarrak ulertzen du "jendearendako liburu horiek oso astunak izatea. Liburu horiek ez dira hasieratik akaberaraino irakurtzen. Interesa daukazunean zerbait begiratzen duzu".

Herri bakoitzeko mapak eginda, "herri bakoitzari duen garrantzia eman zaio". Horiek guztiak jasoko dituen Sakanako atlas bat egin nahi du orain Erdoziak. 30 bat mapa izanen dituen liburu bat izanen da. "Sarreran Sakanako toponimiaren berezitasunez argibideak emanen ditut". Azalpen horiek hamar bat orri hartuko dituzte, gainerakoak mapak izanen dira. Horietan guztiak ibarreko 6.000 toponimo inguru jasota egonen dira. Aurten argitako du atlasa. Eta herri bakoitzeko mapak ere. Azken horiek 5 eurotan eskuratu ahalko dira.