Erredentzio kongregazioko dozena bat erlijio gizon, errendentoristak, beatifikatu zituzten Madrilgo Almudena katedralean 2022ko lastailaren 22an. Elizako arduradunek azaldu dutenez, 1936ko estatu kolpearen ondoren ″Eliza katolikoaren kontrako erlijio jazarpenaren martiriak dira″ beatifikatutakoak. Haien artean zegoen Aniceto Lizasoain Lizaso irintarra. Beatifikazioa dela eta, Francisco Perez Gonzalez gotzaina Irañetara etorri eta ospakizun elizkizunean izan zen abenduaren 11n.
Biografia
Francisca eta Miguel Angelen semea, 1877ko apirilaren 17ko 20:00etan jaio zen Aniceto Irañetako San Joan kaleko 17. zenbakian. Familian ama hizkuntza euskara zen. Sendia oso fededuna zen. Hala, Anicetoren anaia nagusi bat Iruñeko diozesian apaiz izan zen eta gazteago bat, Lorenzo, Marista egin zen (Toledon hil zen 1936ko agorrilaren 24an).
Hamabost urterekin, 1892ko irailaren 9an, Burgosko El Espino komentuan sartu zen, trebatu eta misiolari errendentorista izateko. Hara iritsi zenean apenas zekien gaztelaniaz. Bere adinagatik eta gaztelaniaz aritzeko zailtasunengatik, ikasketetan atzeratuta ibili zen. Aurreikusitako prestakuntzako bost urteetatik hiru egin zituen eta 1895eko irailaren 9an El Espino utzi eta Nava del Reyra bidali zuten nobiziotza egitera. Erabaki horrekin kongregazioak Anizeto eta beste lau Kubako gerrara soldaduska egitera eramatea saihestea nahi izan zuten. Ondoren saiatu zen beharrezko jakintza eskuratzen, baina El Espinon egin ez zituen bi ikasturte haiek zama bihurtuko ziren.
Anicetok erredentorista abitua Nava del Reyn jantzi zuen 1895eko lastailaren 15ean. Aita Collouden begiradapean hasi zuen nobiziotza. Urtebetera anaia gisa zin hitza eman zuen, Aniceto Maria Miguel izena hartuz. Maisuak, bere txostenean, Anicetoren burugogorkeriaz aparte, bere izaera on, baketsu eta apala nabarmendu zituen, nahiz eta bere sentimenduetan apur bat sinplea eta oso itxia ikusten zuen, beharbada gaztelania ondo ez hitz egiteagatik eta ama hizkuntza euskaldunekoa izateagatik. Humanitateen eta erretorikaren ezagutzei dagokienez, gutxi zela iruditu zitzaion, zin egitearen aldeko botoa ematen badu ere, Filosofia hasi aurretik prestakuntza hori osatu behar duela uste du.
Astorgako ikasketa etxera joan zen. Filosofia ikasteko nahikoa ezagutzarik ez zuenez, beste ikaskide batzuekin batera aurretik Humanitate eta Erretorika ikastaroak egin zituen. 1898ko lastailean Filosofia ikasten hasi zen. 1899ko irailaren 10ean Astorgako erredentoristen elizan elizgizonen tontsurako ile-mozketa eta ordena minorrak jaso zituzten. 1900 eta 1902 artean Teologia Dogmatika ikasketak egin zituen eta 1902 Moral ikasketak egin zituzten.
Krisia
Aurki apaiztekoa zela, 1903aren hasieran, bere prestatzailek uste zuten ez zuela nahikoa heldutasunik apaiz ikasketekin jarraitzeko. Eta bi aukera eskaini zizkioten: erlijio bizitza uztea edo anaia koadjutorea izatea. Halako proposamenaren arrazoia ez zuen ulertu eta nerbio krisia eragin zion. 1903Ko martxoaren 20an Nava del Reyra iritsi zen, osatzeko eta nobiziotza irakasleak eman zioten ezezkoa ulertarazten saiatzeko. Kolpe handia izan zen eta maiatzaren 5ean Irañetara bueltatu zen.
Lastailean lasai bueltatu zen, ikasketekin segitzeko asmoz. Madrilgo Perpetuo Socorro santutegiko sakristau izendatu zuten. 1904ko maiatzean Granadara bidali zuten. Ikasketekin segitzeko aukera izanen zuen alferrikako esperantzarekin joan zen. Kongregazioak aurretik proposatutako bi aukerak egin zizkion atzera ere. Minduta, anaia laguntzaile erredentorista izatea onartu zuen. Ordutik Anicetok apaiztu ez izanaren sufrimendua aldean izanen du.
Granadan 1904 eta 1918 artean izan zen. Tarte horretan sakristaua, atezaina eta etxeko zenbait lan egin zituen, azken horien artean komunitateko ekonomoa izatea nabarmentzen da. 1918an Valentziako Temple elizako errendotoristen komunitatera bidali zuten Bi urtez sakristau eta atezain lanak egin zituen. Handik Madrilera bidali zuten 1920an. Madrilgo San Migel komunitatean bizi izan zen 1920 eta 1922 artean. Ondoren, Perpetuo Socorroren santutegira bidali zuten. Hil arte ahalegindu zen apaiztu zezatela lortzen, baina bere saiakerak alferrikakoak izan ziren.
Estatu kolpea
Kongregazioaren etxea utzi eta Emilia Alcazarrek Nicasio Gallego kalean zuen etxean babesa hartu zuen 1936ko garilaren 19an. Hilabete eman zuen han, irakurtzen, otoitz egiten eta ikusten zituenak idazten. Etxe hura uzterakoan idatzitako guztiak suntsitu zituen, familia berarekin lot ez zezaten. Joaterakoan San Migeli eskainitako euskarazko otoitza idatzita utzi zuen. Agorrilaren 14an Larra kaleko 15 zenbakiko 3 pisuko c-d etxera lekualdatu zen. Bi egunetara milizanoek etxean miaketa egin zuten eta salatua izan zen. Komunera joateko baimena lortu eta hainbat paper suntsitzen saiatu zen, baina milizianoek susmoa hartu eta egiteko horretan harrapatuta, haiekin eraman zuten Aniceto. Antza, Arte Ederretako espetxera eraman zuten. Irintarraren gorpua Chamartingo hilerriaren bide zaharraren ondoan agertu zen. Antza agorrilaren 17ko goizaldean hil zuten.