Foru administrazioaren 16/2019 Foru Legearen baitan sortutako Aitortza eta Erreparazio Batzordeak Florentino Beraza Gastesi motibazio politikoko biktima gisa aitortu du. Berazaren kasuan torturak pairatu zituen. Irintarra 1981. urtean bitan atxilotu eta torturatu zuten, aurrena Polizia Nazionalak, eta hamar egun pasa ondoren Guardia Civilak. Bi atxiloketen ondoren, aske utzi zuten.
Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarendako dinamikako kideek "positiboki" baloratu dute aitortza ofiziala, "hainbestetan ukatutako errealitate baten egiaranzko bidean aurrera pausoak baitira". Dinamikako kideen iritziz, "errekonozimendu horiek oinarriak finkatu behar dituzte estatuko biktima guztiekin eta haien senideen erreparazio integralerako bideak zabaltzeko, gertatutakotik ezer berriro errepika ez dadin bermeak izateko, eta estatuko biktima guztien egiarekin eta justiziarekin konprometituko den elkarbizitzarako esparru bat eraikitzeko Nafarroan, gertatutakoa, honela, argitzen laguntzeko".
Deia
Legean oinarrituta, aipatu batzordeak dagoeneko 53 pertsona aitortuak izan ditu indarkeria politikoaren biktima. Horien artean, irintarraz aparte, beste lau sakandar daude: Mikel Arregi Marin (Guardia Civilak hila), Josu Imaz Prim (bere kontrako bi bonba), Mikeldi Diaz Aldama (tortura), Joxe Aldasoro Jauregi (tortura) daude. Dinamikako kideek jakinarazi dutenez, Foru Legearen esparruan orain arte 149 eskaera erregistratu dira. Azpimarratu dutenez, "oso garrantzitsua dela Estatuaren indarkeriaren biktimek Nafarroan errekonozimendu-eskaerak aurkezten jarraitzea. Epeak zabalik jarraitzen du 2027ko garilera arte, eta, berriro ere, izapideak egiteko hala eskatzen duten pertsona guztiei laguntzeko prest gaudela berretsi nahi dugu". Hala egin edo informazioa nahi duenak info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 948 307 715 telefono zenbakira hots egin dezake.
Izan ere, dinamikako kideek oroitarazi dutenez, "ehunka dira 1960tik gaur egunera bitartean Nafarroan errekonozimendu ofizialik gabe jarraitzen duten motibazio politikoko giza eskubideen urraketak. Horien guztien aitortzak, Nafarroako estatuaren ehunka biktimenak, berekin ekarri behar du urte luzez jasan dugun diskriminazioa gainditzea. Gizarte bidezkoagoa eraikitzen laguntzeaz aparte". Nabarmendu dutenez, "egia osoa ezagutzeko eskubidea dugu, denbora luzeegian ukatu zaigun egia bat Estatuaren indarkeriaren ondorioz eragindako biktimei eta, oro har, Nafarroako gizarte osoari. Egia bat argitara atera behar dena hainbeste urteko inpunitatearen ondoren, ezinbestekotzat jotzen duguna oroimen kolektiboa eta bere iragana ahazten ez duen gizartea eraikitzeko. Gure herrian bizi izandako sufrimendu guztia aitortua eta erreparatua izan dadin, hau baita inoiz berriro ez errepikatzeko bermerik eraginkorrena".