LAB sindikatuak deituta Hydro enpresako langileek txanda bakoitzean lan uztea eginen dute seigarren aldiz gaur. Lan bera egiteagatik soldata bera kobratzea eskatzen dute protestarekin bat egin duten langileek. Mobilizazioak azaroaren 4an hasi zituzten ordu bateko lanuztearekin. Pasa den asteko astearte eta ostegunean lan txanda bakoitzeko bina orduko lanuzteak egin zituzten, aste honetan lau ordu izatera pasa direnak. Hainbat langilek bat egin dute LABen deialdiarekin eta sindikatutik jakinarazi dutenez, lanuzte garaian Hydron ekoizpena gelditu egin da. Euren aldarrikapenen berri emateko langileak asteartean Irurtzungo azokan izan ziren.
Hydroko enpresa batzordean (CCOO 4, LAB 3 eta UGT 2) nagusi den CCOO sindikatuak ez du bat egin deialdiarekin. “Gehiengo sindikalak lortutako akordioa langileendako positiboa da, ez baitira eskubideak galtzen eta hainbat aldarrikapenetan hobekuntzak lortu dira”. Lan hitzarmena sinatu duen CCOOren iritziz, “lanuzteak deitzerakoan lan eskala bikoitza dagoela esaterakoan LAB faltsutasunean oinarritzen da. Langileen zati batek kobratzen dituen osagarriak 2012an izandako kategoria aldaketengatik eta soldata murrizketagatik sortutako”.