Lan bera egiteagatik soldata bera kobratzea aldarrikatzeko zortzi egun greba egin zituzten Hydroko hainbat langilek LAB sindikatuak eta greba batzordeak deituta. Azaroan eta abendu hasieran izan zen hori. LABetik jakinarazi zutenez, Hydroko zuzendaritzak lan-gatazkari irtenbidea emateko bide-orria proposatu zuen eta protestan zeuden langileen oniritzia jaso zuen. LABek zabaldu zuenez, kanpoko enpresa batek lanpostuen balorazioa eta soldaten ikerketa eginen du uda bitartean. Hori oinarri izanda zuzendaritzari eta enpresari negoziatzeko garaia iritsiko zaio. Horretarako, aldeek 2020 iraila eta abendua bitarteko epea izanen dute.
Baina akordio hori “faltsua” dela nabarmendu dute CCOOko kideek. Sindikatutik azaldu dutenez, zuzendaritza eta enpresa batzordearen (CCOO 4, LAB 3 eta UGT 2) arteko bilera izan zen abenduaren 17an. “Guk galdetuta zuzendaritzak ukatu egin zuen LABekin akordiorik itxi zuenik. Zuzendaritzak jakinarazi zuen enpresa batzordearen gehiengoarekin, CCOOrekin eta UGTrekin, azaroaren 29an sinatutakoa beteko zuela. LABek ez zuen akordio hura sinatu, soilik lan planari dagokion atala sinatu zuen”.
CCOOko kideek gaztigatu dutenez, “LABek sinatu ez zuen akordioaren bederatzigarren konpromisoan jasota dago aurtengo ilbeltzaren 31 baino lehen lan batzorde bat osatzea bilera-egutegia zehazteko. Bilera horietan, besteak beste, bidezkoa eta justua den ordainketa politika aztertuko da”. Horregatik guztiagatik, CCOOko kideek LABekoei leporatu diete “beharrezkoa ez zen antzerkia egitea” eta “bere propaganda helburuetarako langileen talde txiki bat baliatzea. LABek sinatu ez zuen akordioan jasota dago egon daitezkeen arazoak konpontzeko bide-orria ilbeltzetik aurrera landuko dela”. Eta ukatu egin du Hydron lan eskala bikoitza dagoenik.