Udalak Plazaola hornitzen segitzen du

Guaixe 2022ko aza. 16a, 09:02

Plazaola bide berdean jarritako aulkietatik ikuspegi ederra dago. UTZITAKOA

Oinezkoek atseden hartzeko aulkiak jarri ditu.

Plazaola bide berdearen aldeko apustuarekin segitzen du Irurtzungo Udalak. Joan den urtean haren ertzean autokarabanendako gunea egin zuen, Irurtzun bisitarien abiapuntu izan dadin errazteko. Aurtengo uda hasieran autokarabana gunearen ondoko zuhaiztian atseden gunea prestatu du bidaiari eta oinezkoendako. Mahai eta aulkiez aparte, haurrendako jolas parkea egin zuen. Orain, berriz, Plazaola bide berdeak herrian egiten duen ibilbidean oinezkoek atseden hartu eta ikuspegiez gozatzeko hiru aulki jarri ditu. 

Bestalde, Latasa eta Irurtzun arteko Plazaolako bidea azaroaren 2an itxi zuten eta hala egon zen atzora arte. Kaxarnako pasabidetik aurrera konponketa lanak egin dituzte. Eta bide berdearen ibilbidean askoz ere konponketa gehiago eginen dituzte hurrengo lau hilabeteetan. Horregatik, ibilbide guztian, aldian behin, zenbait tarte itxiko dira. 2021eko abenduko euriteek sortutako kalteak konpontzeko lanak dira egiten ari direnak. Hala jakinarazi du Arakil eta Irurtzungo udalak kide dituen Plazaola turismo partzuergoak. Haren web orriko berrien atalaren bidez jakin daiteke zein bide tarte dauden itxita.