Meteorologia abisu sistemaren aurkezpena

Guaixe 2024ko urt. 17a, 09:33

Babes Zibileko zerbitzuak deituta Iruñean egindako bilera. NAFARROAKO GOBERNUA.

Nafarroako Gobernua sistema indarrean azaroan jarri zuen. Herrialdeko udal ordezkariei haren berri emateko sei bilera tekniko antolatu ditu. Hautetsi sakandarrendako hitzordua hilaren 22an izanen da, Irurtzunen.

Nafarroako udalek azaroaz geroztik tresna berri bat dute, AEMET alertak automatikoki eta denbora errealean jasotzeko aukera ematen diena. Beren udalerrian eragina duten abisu horiekin, unean-unean informatuta daude eta udaleko larrialdi-planetan jasotako ekintzak azkar martxan jarri ditzakete, gainera herritarrak, haien ondasunak edo oinarrizko azpiegiturak babesteko balio duen edozein neurri gehigarri hartzeko aukera dute.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak larrialdiak aurreikusi eta kudeatzeko toki entitateekin hertsiki eta koordinatuta lan eginez darabilen estrategia lerroan kokatuta dago tresna hori. Bestalde, sistema erabat indarrean dagoenean, bere erabilera hedatu ahal izango du, udalerriei euren esparruetan jazo litezkeen beste hainbat larrialdi jakitera emateko balio izanik.

Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuak tresnaren berri udal arduradunei emateko izaera teknikoko sei bilera antolatu ditu. Haietako bat Irurtzunen izanen da, hilaren 22an. Hara 26 udal gonbidatu dituzte, Sakanakoak barne. 

Suteen udal planen ezarpena
Nafarroako Gobernuak egindako azterketaren arabera ibarreko sei udalerritan suteak izateko arrisku handia dago: Uharte Arakilen eta Lakuntzan bai neguan bai udan; Arakilen, Irurtzunen eta Iturmendin udan eta Altsasun neguan. Bestalde, Arruazu sutea izateko zaurgarritasun handiko udalerria da. Udalak Baso Suteen aurkako Udal Ekintza Planak egiten hasi ziren joan zen urtean. Horiek ezartzeko hurrengo pausoak planifikatzeko ere balioko du Irurtzungo bilerak. 

Dagoeneko beste eskualdeetan egin diren bileretan beste aztergai batzuk ere hizpide izan dituzte. Esaterako, estatuaren Horizonte 2035 Hondamendien Arriskua Murrizteko Plana. Haren helburua da larrialdi edo hondamendien aurrean erantzun eraginkor bat bermatzen duen zentzuzko babes zibileko sistema bat bulkatu eta garatzea, administrazio guztiak partekatzen duten gobernantza eredu bat jarraituz. 

Azkenik, mila pertsonatik behera biltzen diren ospakizunen antolaketetarako (herri bazkariak, kontzertuak, dantzaldiak, erromeriak, prozesioak nahiz ibilaldiak, kirol jarduerak, uretako jarduerak eta motordun kirolak) beharrezkoak diren gutxieneko osasun baliabideak zein diren aztertu izan dituzte. 

Besteak beste, kontuan hartu behar dira behar bereziak dituzten pertsonak, biderik ez badago anbulantziaren baten edota larrialdiko ibilgailuen sarbidea bermatzea eta jarduera klima baldintzetara egokitzea. 300 bertaratu baino gehiagoko ospakizunetan, navarra.es atariko Segurtasuna eta Larrialdiak webgunean eskuragarri dagoen formulario bat bete behar da.