Astekaria

"Harri jasotze eskola esku onetan utzi dut"

Maider Betelu Ganboa 2025ko ots. 27a, 13:30

Mikel Lasarte.

Sakanako Mankomunitateak sustatutako Sakanako Harri Jasotze Eskola Mikel Lasartek sustatu zuen eta 20 urtez bera izan da arduraduna. Orain Jon Irañeta bere ikasle izandakoak hartu du ardura.

Sakanako Harri jasotze Eskola martxan jarri zenuen. Urte luzez aritu zara arduradun eta irakasle, baina uzteko garaia iritsi zaizu.
Bai, 20 urtez izan dut eskolaren ardura, 2004tik 2024ra arte. Hainbat arrazoirengatik utzi dut. Batetik, azken urte hauetan oso lanpetuta nago motozerra erakusketekin. Erakustaldi asko egiten ditut, eta, bestalde, lesio bat izan nuen beso buruan, eta harria jartzeko zailtasunekin nenbilen. Aurtengo uda izugarria izan zen, lan asko izan nuen motozerra taila kontuetan, eta, nolabait, kolapsatu egin nintzen.  Harri jasotze Eskolan jende gazte asko zebilela ikusten nuen, eta eskola uzteko garaia ona zela iruditu zitzaidan: atzetik indarra heldu zen, harri jasotzeaz ongi dakien jendea, eta eskola prestatzeko eskarmentua duena. Horrela, eskola uztea erabaki nuen. Oso pozik noa atzetik jarraipena dagoelako, segida

Etxea zainduta eta guztia ondo lotuta utzi duzu. Jon Irañetak hartu du zure tokia, bere garaian eskolako zure ikaslea izandakoak.
Bai. Jon harri jasotzaile fina da, eta gogo handiekin hartu du ardura, oso ongi. Gainera, orain leku berria dugu, leku gehiago, jende gehiago etortzeko moduan, inor molestatu gabe... primeran dago eskolako egoitza berria.

Beraz, esku oso onetan utzi duzu zure eskola.
Hori da! 20 urteren buruan oso kontentu noa jarraipena dagoelako eta eskola esku honetan geratzen delako. Tarteka bisitatzera joango naiz. 

Motozerra tailarekin guztiz harrapatuta ikusten zaitugu. Mundu horretan horrenbesteko mugimendua egongo zenik ez genuen espero.
Bai, joan den urtean 40 bat erakustaldi egin genituen maiatzetik azarora bitartean, ia astebururo, gelditu gabe, eta asteburu batzuetan saio bat baino gehiago eginez. Ez da bakarrik lekutara edo erakustaldietara joatea, aurretik prestatu behar da, motozerrarekin figura edo eskultura ezberdinak egin, probatu... lan dezente dago atzetik. Motozerraren mundu honekin beste pasio bat sortu zait eta horretan ari naiz buru belarri.

Sanferminetako Motozerra txapelduna izan zinen 2023an. Artista fina zara!
Beno... (kar-kar) Halako txapelketak gustuko ditut.

Harri jasotzean sekulako gorakada eman da. Zergatik?
Jendeari aukera eskainiz gero jendea animatzen da. Orain arte antolaketa txiki xamarra zegoen bestelako kirolekin alderatuta, baina herri kirola antolatu den neurrian jendea erakartzen du eta toki guztietan zaletasuna sortzen da. Crossfit-a eta indarreko kirolak asko hedatu dira, herri kirolekin halako lotura edo kutsua badute, eta hortik jendea etortzen da; eta sare sozialetan lan pixka bat eginez gero, jendea ere hurbiltzen da.

Harri jasotzaileek hitz eskertuak dituzte zuretako.
Duela 20 urte hasi ginen eskolarekin. Kirolariak ateratzea kosta egiten da, gainean egon behar duzu, urte osoan entrenatu... Txapeldun batzuk atera ditugu eta kirolari on batzuk baita ere; horrekin pozik nago, eta eskolak jarraipena izatearekin zer esanik ez. Berriz ere aterako dira txapeldun berriak.